1928an Gasteizen jaiotako Alberto Schommer argazkilaria Donostian hil zan bart, 87 urte zituala, minbiziak jota. Familiak jakinarazo dauenez, Schommer datorren zapatuan erraustuko dabe, Donostiako Recalde tanatorioan, goizeko 09:00etan. Donostiako Vascongada hileta-zerbitzuetako etxeak zehaztu dauenez, familiak ez dau hiletarik edo ekitaldi zibilik antolatuko, eta, era berean, hil-kaperarik ez jartea erabagi dabe. Beilatokia Shommerrek Donostian dauen etxean dago.
Schommer XX. mendeko argazkilari onenetakoaren lanik ezagunena Erretratu psikologikoak da. Erretratu horreekaz erakusketa handi bat egin eban Madrileko Prado Museoan, 2014an, Mascaras izenburupean. Schommerek Espainiako intelektualei egindako argazkiak erakutsi zituen bertan, besteak beste, Francisco Ayala, Rafael Alberti, Jose Hierro, Camilo Jose Cela eta Vicente Aleixandreri erretratua atera eutsen argazkilariak. Erretratuan aditua zan eta argazkigintzearen psikologoa zala dinoe askok.
Schommerek Alemanian eta Parisen ikasi eban eta 60ko eta 70eko hamarkadetako joera barritzaileenei lotuta egon zan beti. 2013an, Argazkilaritza Sari Nazionala irabazi eban.
Irving Pennen eta William Kleinen lanak Schommerrengan eragina izan dau beti. Gasteizko argazkilariaren erretratu-sortak argitaratu ditue komunikabideek azken 40 urteetan. Boterea, ekonomia eta kulturea eszenaratu ditue Schommerren argazkiek.
AEBetako gizartea be islatu dau bere erretratuetan. Andy Warhol, Roy Lichtenstein eta Susan Sontag AEBetako ikonoei argazkiak egin deutsez arabarrak.
Artisteak herrialde askotan egin ditu erakusketak eta bere lanak nazinoarteko aldizkari ospetsuenek argitaratu ditue. 1996an, San Fernandoko Arte Ederren Akademian sartu zan, eta Kultura Ministerioak Arte Ederren Urrezko Dominea emon eutson 2009an.