Barritasun garrantzitsu batzuk ekarriko ditu bigarren edizino honek, besteak beste, Santa Ana Plazan egingo dan gastronomia anitzen jaia eta umeei zuzendutako 11 Danbor Martxa txikia adibidez. Egitarauaren aurkezpena Errefuxiatuak Ongi etorri – Wellcome refugees lemea jasoten eban pankartea zabaldu ostean hasi da, datorren hilaren 19an Iruñean egingo dan 11 Danbor Martxeari hasierea emongo deutson pankarta nagusiaren lemea izango baita. Nafarroako uriburuak babesa emongo deutse errefuxiatuei eta EH 11 Kolore ekimenak be ondo etorria emon nahi izan deutse eta bide batez Iruñeako herritarrak be babes horren parte izan daitezan konbidau ditue.
Herritar guztien eskubide, aukera eta betebehar berak aldarrikatu nahi ditu jai honek, edozein izanik gure jatorria. Gure urian dagozan kultura eta jatorri anitzen jaia izan nahi dau, Iruñeak dauen aberastasun kulturala indartuz eta desbardinen arteko alkarrezagutzea bultzatu, alkarren arteko errespetua indartu eta bizikidetzea aniztasunean eregiteko.
Auzolanean eregitako jaia eta alkarte eta eragile desbardinen artean sortutakoa da: EH 11 Kolore, Alde Zaharreko eta San Zernin auzoko bizilagun alkartea, Paris 365, Aldezar aisialdi taldea, Kalekalde, Etxebakoitz Bizirik, Alde Zaharreko Gazte Asanbladea, Nafarroako SOS Arrazakeria, Burubeltz Konparsea, Iruñeako Peñak, Jarauta kaleko tabernariak eta Iruñerriko jatorri desbardinetako hamaika alkarte: Ekuador, Kolonbia, Bolibia, Venezuela, Argentina, Galizia, Nigeria, Senegal, Dominikar Errepublikea, Nikaragua, Sahara, Andaluzia eta Ijito herriko alkarteak besteak beste… Horrezaz gan, bat egin dabe alkartegintzan jarduten daben Iruñeko beste zenbait kultur, jantza eta euskara alkartek be. Zanpantzar eta jantza taldeek, euskalgintzan jarduten daben alkarteek, Nafarroako Sortzen, Iruñeako eskola publikoek, folklore talde eta batukadek... Danon alkarlanez Gora Aniztasuna! egun batez gure herriaren aniztasuna gozau eta aldarrikatzeko.
Honako ekitaldiak izango dira garrantzitsuenak:
- 11 Danbor Martxea izango da ekitaldi nagusia, kalejira koloretsua, aldarrikapenez eta zalapartaz josia izango dana. Iruñeako Alde Zaharra zeharkatuko dauen martxa honek bi geldialdi egingo ditu; lehena San Frantziko plazan eta hurrengoa Gaztelu Plazan. Tanborrek, munduko oihalek, folklore jantziek eta munduko musikek osotuko daben martxa honetara Iruñerriko jatorri eta kultura desbardinetako herritarrak konbidau ditue guztion Iruñea, edegia eta 11 koloretakoa aldarrikatzeko.
- Martxa hau Udaletxe Plazatik abiatuko da 18:30ean txupinazoa jaurti ondoren. Aurten Ijito herriko hainbat ordezkari izango dira ardura hori izango dabenak. EH 11 Kolore ekimenak Euskal Herrian bizi dan Ijito herria omendu nahi izan dau. Iruñean, Nafarroan eta Euskal Herrian ehundaka urtez gure herriaren parte izan dan herria, hain zuzen. Euren nortasunari heltzeko gogor burrukan egin behar izan dauen gizataldea eta horrexegaitik gure herriko aniztasunari ekarpen kultural egiten deutsona. Irailaren 19an, udaletxe plazan euren omenez Gora ijituak! Gora aniztasuna! aldarrikapena entzungo da.
- Goizean jatorri guztietako umeentzat 11 Danbor Martxa txikia ospatuko da. Umeentzako kalejirea 11:30etan abiatuko da Udaletxe plazatik. Iruñeako alde zaharra zeharkatu ondoren, Paris 365 alkartean amaituko da. Bertan goxokiak eta fotokol bat izango dabe. Zirika Zirkus taldeko Ainhoa pailazoak gidatuko ditu umeak, zanpanzar, jantzari eta Iruñeko auzo desbardinetako erraldoi txikien laguntzinoagaz. San Frantziskoko Batutxiki eta Paris 365 alkarteko umeen batukadek girotuko dabe martxa hau. Sortzen Ikasbatuazen laguntzinoa izango dau eta Iruñerriko eskola desbardinetako neska-mutilek be parte hartuko dabe kolore desbardinetako jantziez eta tanborrez.
- Santa Ana plazan, eguerdiko 13:00ak eta arratsaldeko 17:30ak bitartean eta arrastiko 20:30ak eta gaueko 22:30ak bitartean, Aniztasun gastronomikoaren jaia izango da. Bertan herri eta kultura desbardinetako gastronomietan oinarritutako arrazio txikiak probau ahal izango dira. Ekuador, Kolonbia, Bolibia, Venezuela, Argentina, Galizia... besteak beste. Era berean munduko musikak eta jantza emonaldiak ikusteko aukerea izango da.
- Egun osoan zehar, Jarauta kaleko tabernak, kultura eta jatorri desbardinetan oinarrituz jaia ospatuko dabe tabernetan. Tabernariek eta bizilagunek apaingarriak jarriko ditue kale osoan zehar. Tabernetan be aukeratutako kultura edo jatorriaren apaingarriak eta musikea jarriko ditue.