Guillermo Ruiz de Erentxun: 'Lekeitio herriaren ikur eta erakusgarri bihurtu da Garraitz'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 14a, 00:00

Lekeitioko Atabaka kultur alkarteak abian jarri dau Garraitz 25 izeneko egitasmoa. Lan honen helburua Lekeitioko Garraitz islearen ondarea aztertzea eta plazaratzea da. Garraitz Lekeitioko badian dago eta azken bost mendeetan gitxienez gizakiaren esku hartzea izan dau. Horren aztarnak geratzen dira, besteak beste, gaixoentzako eraikin bat, komentu bat eta Napoleonen armadearen gotorleku bat.

Garraitz 25 egitasmoren barruan, Atabakak uda honetan lau auzolan antolatu ditu lanon bidez ondarearen aztarnak garbitu eta agirian jarteko eta 90 bat bolondres ibili dira lanean Aranzadiko Alfredo Moraza arkeologoak zuzenduta.

Gauzea zelan dagoan jakin guran, Atabakako Guillermo Ruiz de Erentxunegaz hartu-emonetan jarri eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Garraitz, San Nikolas, izen bi horreek behintzat ezagutzen doguz. Herrian zein da erabiliena?

Bi horreek dira erabilienak baina asko dira islea esaten deutsienak be. Azken boladan, Garraitz entzuten da gehiago baina 50 bat urtetik gorako jenteak eta San Nikolas moduan ezagutu dabe beti. Garraitz ez da asmakizuna inondik inora baina badira hori esaten dabenak be.


2.- 6'5 hektarea inguruko islea da baina marea behean dagoanean Isuntza hondartzeagaz lotuta dago malekoiagaz eta oinez joan daiteke bertaraino. Ganerakoan, zeintzuk dira Garraitz islearen ezaugarriak?

Ezaugarri bereziena niretzako historian zehar bertan izan dan gizakiaren esku-kartzea eta jarduera edo erabilera desbardinak izango litzatekez, izan be, azken mendeotan danetariko jarduerak izan dira bertan: erlijiosoa, militarra eta erabilera zibila; horreen guztien aztarnak Garraitzen dagoz: XVII. mendeko frantzikostarren komentuarenak, soldaduen gotorlekua eta izurriteetan gaixoak babesteko sortutako eraikina. Naturearen eta paisajearen aldetik, barriz, jatorrizko landaredia mediterraneo erakoa da baina orain 100 bat urte landatutako itsas-pinuak be badagoz, azken aldion makalik dagozan arren. Baina horren guztiaren gainetik Lekeitio herriaren ikur eta erakusgarri bihurtu da Garraitz. 


3.- Telesforo Aranzadik eta Jose Migel Barandiaranek Lumentzako kobazuloan topautako aztarnen arabera, Goi Paleolitotik etozen gizakiak bizi izan dira Lekeition. Geroago Napoleon bera be ibili izan zan Lekeition eta Garraitz islan...

Bai. Hori guztia dokumentauta dago. 1813. urtean, Wellingtonen tropa ingelesak sartu ziran hemen frantsesak ataraten; kañoiak itsasora bota eutsiezan eta hor amaitu zan kontua. Lekeition ez eze, kosta osoan dagoz gotorlekuak. 


4.- Udan zehar antolatu dozuezan auzolanetan 90 bat lagun batu zarie. Oso oker ez bagagoz herrian bertan ezagutzen ez ziran gauzak be azaldu dira lanon ondorioz, zelako esperientzia izan da? Ze balorazino egiten dozue?

Ondare historikoa aztertu eta zabaltzeko ardurea da Atabaka taldearen zereginetako bat eta, esangura horretan, ez genduan holako erantzun zabalik espero. Oso gustora gagoz, izan be, orain arte egin doguzan auzolanetan 90 lagunetik gora batu gara, gazteak zein nagusiak. Danok be gogotsu ekin deutsegu lanoi eta tarteka herrian izaten diran istilu eta gorabeherak ahaztu eta bakotxak ahal izan dauen neurrian lagundu dau. Idea edo helburua bakarra da: islearen ondare historikoa eta paisajistikoa berreskuratu eta zabaldu.

Lanotan deskubridu doguz ermita edo baseleizearen hormak (baseleizea zala hipotesia da oraingoz) eta frantziskotarren komentuaren aztarnak be arazo barik ikusten dira orain, tontorrean metro eta erdi zabalerako harresia, polborina, guarnizinoak lo egiten eban lekua be oso argi agertu da... Gauza oso interesgarriak, kasu batzuetan herrian ezagutu be egiten ez ziranak.


5.- Aranzadiko Alfredo Moraza etnografo-arkeologoak zuzendu ditu lanak...

Bai. Gauza bat da aitatu aztarnok bistaratzea baina gero aztarnok egonkortzea izango da hurrengo lana, informazino hori guztia batu, idatzi eta ikertu egin behar da eta tartean profesionalak egotea beharrezkoa da. Maila arkeologikoan ez eze, etnografikoan eta historikoan be jorratu behar da ikerketea eta, jakina, guk eskulana egiten dogu baina jarraibideak, zelan egin, zegaz kontua euki eta bestelako aginduak Alfredo Morazak emoten izan deuskuz. 


6.- Baseleiza baten, monastegi baten eta Napoleonen armadearen gotorleku baten aztarnak agiri dira Garraitzen. Zein da aztarnon egoerea?

Muturreko bateria militarra, tronerak eta nahikoa ondo dagoz, harlanduak ondo mantendu dira. Ganerako aztarnen egoerea ez da hain ona. Ermitearen eta komentuaren inguruko aztarnei jagokenez, pentsetan genduzanak baino gehiago agertu dira baina egoerea ez da ona. Zoritxarrez, ez gure kasuan bakarrik, oro har ondare historikoa nahikoa abanadonauta egon da Euskal Herrian eta berandu gabilz, akaso, baina hau da gure momentua eta ahal dogun guztia egiteko prest gagoz.


7.- Islara edozein sartu daitekenez, ba al dago aztarnok kaltetzeko arriskurik?

Bai. Gure artean be eztabaidea daukagu gai horren harian. Hau prozesu bat da eta aztarnok bistaratzerakoan pausu bat emoten dogu aurrera begira zabalkunderako eta. Baina danon artean jagon beharko dogu gure altxorra, badakigu kafreak edo astokiloak danean dagozala baina hor dagoan balioa ezagutarazoten asmau behar dogu eta danon inplikazinoa lortzea da bidea bestela akabo. Sarrerea ezin dogu mugatu, ez dogu holakorik nahi.


8.- Azken urteotan, islako arbola asko eta asko hil egin dira. Ziklo natural baten amaierea izan daiteke?

Arbola horreek 1909an dagoz landatuta, beraz, ehun urtetik gora dira eta duda barik ziklo natural baten amaierea izan daiteke. Kontuan hartu, leku berezian dagozala, lur gitxiko eremuan eta itsasoaren eraginpean. Pena da ze arbola horrek balore etnografikoa dabe, izan be, itsas-pinu horreek izan ziran Euskal Herrira ekarri zituen lehenengoak. Kontua da ze arbolok ez dakarrela barririk, berez ez da pinu lekua, artadia baino. Paisajearen aldetik, proiektu bat lantzen gagoz ze danetariko eretxiak dagoz, batzuen ustez esku hartzerik ez da egin behar baina beste batzuk kontrakoa pentsetan dabe. Gu geu bertako landaredia babestearen alde gagoz baina gogoeta eta eztabaida prozesua zabalik daukagu.


9.- Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lekeitioko Udalak diruz lagunduta dago Garraitz 25 izeneko egitasmoa. Babesle gehiagoren bila zabizie?

Bai. Hortxe gabilz. Gure alkartean lanetik kanpoko ordu apurretan gabilz eta kudeaketarako eta ez dago asti askorik. Edozelan be, Lan Art inguruan proiekturen bat lantzekotan gabilz, enborrak eta harriak buztartuta eta ia zerk urtetan dauen. La Caixa, BBK, Laboral Kutxagaz eta harremanetan gagoz, baita Eusko Jaurlaritzeagaz be. Idea ondo hartu dabe baina gauzak zehaztea falta.


10.- Hemendik aurrera ze pausu emongo dozue?

Proiektuak bere martxea hartu dau, jente asko inplikau da eta zeozelako oihartzuna be izan dau eta Atabaka alkarteari tensinoari eustea toketan jaku, ez dago geldi egoterik. Auzolan gehiago egingo doguz, orain artekoak ingurua garbitzeko eta izan dira baina hemetik aurrera agirian geratu diran arrasto eta aztarnak egonkortzea izango da lana. Horregaz batera, behin betiko dokumentazinoa idatzi beharko dogu eta kanpainea nazinoarteko arkeologoakaz batera aurrera eroatea be ez dogu baztertzen. Gauza asko doguz egiteko.

Osorik irakurri