Katixa Agirre eta Eider Rodriguez protagonista Bilboko 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 14a, 00:00

Bilboko Udaleko Eztabaidak Literatureagaz ekimenak Katixa Agirre eta Eider Rodriguez idazleen arteko barriketaldia iragarri dau datorren martitzenerako, irailaren 15erako, Bidebarrieta Kulturgunean. Saioan, Irakurle eta idazle gazteak euskerazko literaturan gai orokorraren harian, euskeraz idatzitako literatur irakurleen eta egileen egungo profilari buruz egingo dabe berba. Irailaren 15ean, martitzenean, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango da hitzordua, 19:30ean hasita. Sarrerea librea izango da eta Ramon Bustamantek moderauko dau, antolatzaileek jakinarazo dabenez.

Euskeraz idatzitako literatur irakurle gazteakana eta testu horreen egile belaunaldi barrira hureratzeko asmoa dauka datorren martitzeneko saioak. Mahai gainean jarriko diran gaiak, gazteek euskal literaturan beteten daben lekua, horreen zaletasunak, blog eta sare sozialek literatur sorkuntzan beteten daben zeregina edo euskeraz idatzitako literaturearen etorkizuna izango dira, gero eta gehiago ikus-entzunezko produktuak konsumiduten dituen gazteak doguzala kontuan izanda.

Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) idazle arabarrak helduentzako lehenengo eleberria argitaratu barri dau Elkar argitaletxean, Atertu arte itxaron. Idazleak Sua falta zaigu eta Habitat kontakizun bildumak eta umeei eta gazteei zuzendutako hainbat lan argitaratuta ditu aurretik. Road-novel arimea dauen liburu barriak Euskal Herritik egiten dan bidaia kontetan dau, eta garrantzitsuena personaien barruko aldaketak dira. Persona eta gizarte mailako gatazkak eta horreei aurre egiteko moduak dira liburuaren argumentu nagusia.

Bestalde, Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) kazetari, editore, itzultzaile, gidoilari eta euskera irakasle gipuzkoarrak argitaratu eban lehenengo lana Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) kontakizun bildumea izan zan. Bigarren liburua Haragia (Susa, 2007) izan zan, eta 2010ean, genero horretan idatzitako hirugarren lana dan Katu jendea (Elkar) argitaratu eban. Azken lan horregaz idazle gazteentzako Igartza bekea, Euskadiko literatur sari garrantzitsuenetakoa, jaso eban.

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
 

Osorik irakurri