Umorearen mugak eta arriskuak aztertuko ditue urrian Bilbon, Ja! umore jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 15a, 00:00

Umorezko literatura eta artearen nazinoarteko jaialdiaren seigarren ekitaldia urriaren 1etik 12ra egingo dabe. Lau erakusketa eta 13 ekitaldi dakarz Bilboko hainbat txokotara. Aurtengoan, umorea egiteko dagozan mugak, umorearen arriskuak eta tabuak aztertuko ditue, nazinoarteko artista eta adituen eskutik. Halandabe, ez da gai monografikoa izango eta beste bide batzuetatik be joko dabe. Esate baterako, Mafaldari buruzko erakusketea ipiniko dabe eta Fernando Trueba sarituko dabe.

Iñaki Lopez Agileta Bilboko Udaleko kultura zuzendariaren esanetan, sei urteko ibilbidean esparruak zabaldu ditu Ja! jaialdiak: Hasieran umoredun literaturearen jaialdia zan baina, gaur egun, arte guztietara zabaldu dogu, adierazo dau. Izena, ostera, txikitu egin dabe, hasieran Bilboko Barrea zana orain Ja! dalako, nazinoarteko jaialdi baten izena onomatopeia bategaz adierazotea ausartegia izan leiteke akaso, baina hori jaialdi honen ezaugarrietako bat da.

Serioa umoretsu bihurtzeko erronkea da gurea, dino Lopez Agiletak. Aurten ahalegin hori muturrera eroango dabe, umorearen mugak eta tabuak aztertuko dituelako, baita umorea egiteak leku edo une batzuetan dakarzan arriskuak be. Halandabe, Juan Bas Ja! jaialdiko zuzendariak zehaztu dau, ez dala gai monografikoa izango hori.

Urriaren 1etik 12ra, 13 ekitaldi eta lau erakusketa dakarz aurtengo jaialdiak. Ganera, BBK Ja! saria emongo deutsie Fernando Trueba zinegileari. Umoreak leku berezia dauka Fernando Truebaren ibilbidean, azaldu dau Basek. Don Celes komikietako personajea eta haren sortzaile Olmo be gogoan hartuko ditue. Don Celes sortu zaneko 70. urteurrena dala eta, erakusketea egongo da BBK Salan, urriaren 1etik 15era.

Quino marrazkilari argentinarrak be leku berezia hartuko dau. Batetik, harek sortutako Mafalda personajeari buruzko erakusketa zabala ipiniko dabe Zabalguneko eraikinean, irailaren 23tik urriaren 18ra, zortzi metroko Mafaldaren irudi erraldoi eta guzti. Bestetik, Quinok emakume eta gizonen bardintasunaren alde egindako ahalegina erakutsiko dabe, Abandoko metro geltokian egongo dan erakusketan (irailaren 18tik urriaren 31ra).

Nazinoarteko kazetari, idazle, zinegile eta aktoreakaz mahai-inguruak eratu ditue. Javier Goma filosofoak eta David Trueba zuzendariak umorearen tabuak aztertuko ditue, Rudolph Herzogek Hitlerren sasoiko Alemaniako umoreaz egingo dau berba eta Khalid Albaih sundandarrak mundu musulmanean umorea egiteko erea azalduko dau. Enric Gonzalez eta Jon Sistiaga kazetariak gerra ugaritan ibili dira eta egoera latzei aurre egiteko umoreak zelan laguntzen dauen azalduko dabe. Umorearen mugak non dagozan, batez be gatazka edo gai arantzatsuetan, boladan dagoan gaia da, azpimarratu dau Juan Basek.

Beste ekitaldi asko be egongo dira Ja! jaialdiaren egitarauan. Aitatzekoa da Benet Casablancasen saioa. Musika klasikoko umorea azalduko dau eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak pieza batzuk joko ditu. Bestetik, Pedro Olea zinegileak bere ustez umorezko zinema-sekuentzia onenak zeintzuk diran agertuko dau. Hirugarren urtez eukiko dau atal hori Bilboko jaialdiak. Aurreko urteetan Fernando Trueba eta Isabel Coixet ibili ziran sekuentziak aukeratzen.

Egitarau zabala eratu dabe aurten be Ja! umorezko arteen jaialdian. Euskeraz, baina, emonaldi bakarra egongo da: Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek Desentxufatuak obrea antzeztuko dabe, urriaren 3an, BBK Salan. Amaitzeko, eskola-arteko umore grafikoaren lehiaketako sariak banatuko ditue Erriberako merkaduan eta gaztetxuek aurkeztutako lan batzuk bertan egongo dira ikusgai. Lehiaketan 800 neska-mutil inguruk parte hartu dabe.

Egitarau osoa, hemen.

Osorik irakurri