Mendi Film Festivaleko aurtengo kartelean agiri dan argazkia Annapurna mendian atera eban Alberto Iñurrategik baina orain, barriz, Chamlang mendira egingo daben WOPEAKeko hurrengo espedizinoa, zazpigarrena, aurkeztu dau Bilbon, erronka honetan kide izango dituan Juan Vallejo eta Mikel Zabalzagaz, Juanjo Otazu kameralariagaz eta WOPeko Mikel Renteriagaz batera.
Nepaleko Chamlang (7.319 m.) mendi ezezagunera doaz oraingo honetan eta estilo alpinoan, ipar aldetik igoteko asmoz abiatuko dira datorren domekan, irailaren 20an. Zazpimilako honen tontor nagusia bost espedizinok baino ez dabe zapaldu, lehenengoa japoniar bat izan zan 1962. urtean. Hormeak 1.500 eta 2.000 metro arteko desnibela dauka; itxuraz sano gatxa izango da baina aukera asko izango doguz adierazo dau Mikel Zabalzak.
WOPeak alpinismoko proiektu bat da, zortzi etapatan banatuta, The Walk On Project Fundazinoak bultzatuta. Zortzi mendi zortzi etapotan eta ekinaldi bakotxean mila metro gorago egitea da kontua: 2010eko garagarrilean, Gorbeiako tontorra (1.475 m.) zapaldu eben eta hortik aurrera etorri dira Hiru Errege Mahaia (2.428 m.), Taillón (3.144 m.); Copacollo (4.835) Txileko sumendia; Nido de Cóndores (5.570 m.); Aconcagua (6.960 m.) eta Paiju Peak (6.050 m.).
Talde-lanean mamitutako egitasmoa da, alpinismoa bizitzako eskolatzat hartuta, eta eskola horretako balio nagusiak zeintzuk diran argi izanik: sendotasuna, ahalegina, adiskidetasuna, zailtasunak gainditzea eta emozinoa.
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza (Basque Team taldea) dira egitasmo honetako alpinistak, eta babesleak, barriz, BBK, Basque Team, Turkish Airlines, EDP eta Surne. Guztion asmoa da Karakorumen eta Himalayan bide barriak zabaldu edo gitxitan egindako eskaladatan oinarritzea. Kirol bikaintasuneko proiektua, mendian sendo sustraitutako balioak oinarrian dirala.