Ohiko moduan, Bilborock aretoak hartuko ditu emonaldi guztiak. Irailean hasi eta zemendiko finalera arte, pop, rock eta antzeko estiloetako musikea egiten daben talde gazteen mailea ezagutu ahal izango dabe zaleek. Taldeek, aldiz, euren burua ezagutzera emoteko eta sariren bat lortzeko aukerea daukie. Lehenengo kontzertua irailaren 17an, egunena, izango da, iluntzeko 20:00etan.
Bilbo Uria pop-rock lehiaketea 1989an egin zan lehenengo aldiz. Beraz, 27. ekitaldia beteko dau aurten. 18 eta 35 urte bitarteko kideak daukiezan musika-taldeei zuzendutako ekimena da. Urteen joanean, onartzen dituen modalidadeen zerrendea zabaldu eta, gaur egun, hiru kategoriatan emoten ditue sariak: Pop-rock, metal eta musika elektronikoa eta jokera barriak. Sariak, dirua ez eze, diskoa kaleratzeko aukerea, materiala eta emonaldiak izan ohi dira.
Aurtengo ekitaldian 643 taldek emon dabe izena. Hortik, 38 aukeratu ditue kanporaketetarako. Europa guztiko taldeak dagoz tartean, baina gehienak ingurukoak dira. Lehenengo emonaldia irailaren 17an izango da, 20:00etan Bilborock aretoan. Puma Punku, Yakuzas eta Unclose taldeak izango dira oholtzan, pop-rock modalidadean. Emonaldia dobakoa da.
Barikuan, hilak 18, Bloom, Mechanik eta Nazca taldeen txandea izango da, pop-rock kategorian. Emonaldi hori be 20:00etan izango da Bilborocken. Aurtengo nobedadeetako bat da, aurreko urteetan saritutako talde batzuek joko dabela lehiakideakaz batera. Esate baterako, barikuko kontzerturako Munlet Mendaroko taldea konbidau dabe, orain dala urte batzuk pop-rock kategoriako bigarren saria eskuratu eban eta. Metal kategorian irabazle izan zan Rise to Fall talde bilbotarrak irailaren 25ean joko dau Bilborocken, egun horretako lehiakideakaz batera.
Musikearen munduko profesional eta adituz osotutako epaimahaiak aukeratuko ditu talde onenak. Final nagusiak zemendian izango dira, Bilborocken bertan: 12an, elektronika eta beste jokera batzuetako finala, 13an metalekoa eta, 14an, pop-rock arlokoa. Kontzertu guztien egutegia eta bakotxean nork joko dauen, hemen.