Azken urteetako ohitureari jarraituz, Ikasle Egunak hasiko dau Durangoko Azokea aurten be, bere 50. edizinoan. Azokea abenduaren 4tik 8ra arte antolatuko da eta, beraz, lehenengo egun horretan ospatuko da Ikasle Eguna. Parte hartu gura daben ikastetxe eta eskolek aldez aurretik izena emon beharko dabe, Durangoko Azokako webgunearen bidez. Horretarako epea irailaren 21etik urriaren 3a arte izango da.
Antolakuntzeak adierazo dauenez, urterik urte, Durangoko Azokea Ikasle Eguneko egitaraua sendotzen eta aberasten joan da, eta 50. edizino honetan be ikasleek hamaika jarduera izango ditue eskura: kontzertuak, barriketaldiak, tailerrak eta abar. Danetara, goizeko 10:30etik aurrera ikasleentzat beren-beregi antolatutako 25 saio baino gehiago egongo dira, azokako postuetako ohiko eskaintzaz gan. Igaz, Euskal Herriko ikastetxe desbardinetako 1.200 ikasle baino gehiago batu ziran Ikasle Egunean.
Sortzaileakaz modu interaktiboan parte hartzeko tailerrak antolatuko dira. Derrigorrezkoa da tailerretan izena emotea. Dana dala, izena-emoteak ez dau lekua automatikoki gordeten, beharrezkoa izango da Durangoko Azokearen baieztapena jasotea.
Gainera, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek hainbat ekimen barritzaile topauko ditue Ikasle Eguneko egitarauan, orain arte antolatu ez diran ekintza ugari egongo baitira: zirko tailerra, bideoklipak produziduteko tailerra eta abar. Esaterako, genero ikuspegiak lanketa berezia izango dau aurten: Irudienean sexismoa aztertuko da ikus-entzunezko lanetan; Saguganbaran ipuin, liburu eta kantuek transmitiduten dituen baloreak izango dira aztergai.
Horrezaz gan, lehen aldiz, Durangoko Udal Bibliotekeak be Ikasle Egunean parte hartuko dau, stop-motion tailer baten bidez; horri esker, Lehen Hezkuntzako ikasleek book-trailer bat egiten ikasiko dabe.