Bart lehenengoz izan da Batzar Nagusien aurrean Euskera eta Kultura diputadu Lorea Bilbao andrea, eta bere sailak oraingo legegintzaldian izango dauen lehentasuna zehaztu dau: hizkuntza, kultura eta kirol politikea gizartearen kohesinoa handitzera bideratzea. Diputatuak azaldu dauenez, gure konpromiso nagusia da alkarregaz hobeto biziteko, persona eta komunidade lez gehiago aurreratzeko, eta gizartearen kohesinoa handiagoa izateko behar diran hizkuntza, kultura eta kirol politikak ezartzea. Horren harian esan dau euskera bizibarritzearen alde egitea alkarregaz bizitearen alde egitea dala eta ezinbestekoa dala gizartean kohesinoa lortzeko.
Horrenbestez, Aldundiak konpromiso hau hartu dau gure gizartea gero eta elebidunagoa izateko: euskerearen erabilerea sendotzea eguneroko bizitzan eta neurriak ezartzea euskerea erabilteko aukera gehiago egon daitezan. Diputaduak helburu horreek lortzeko gauzatuko diran ekimenak azaldu ditu: euskerearen ezagutzea bultzatzea personen arteko komunikazino-bideak ezarriz eta euskerea kanpotik datozenei helarazotea; euskerearen erabilerea sustatzea komunikazino-teknologia barrietan; gazteentzako ekintzak, produktuak eta ekimenak abiarazotea. Sailak bizkaierearen alde be egingo dau, euskera batuarentzat aberasgarria dalakoan.
Lorea Bilbaok esan dau erabateko konpromisoa hartu dauela administrazinoa are elebidunagoa izatea lortzeko, herritarren eskaerak asetzeko eta euren eskubideak bermatzeko, eta esan dau euskerea zeharretara txertatuko dala Aldundiaren agendan.
Kulturearen arloan, Aldundiaren jardunaren ardatzak euskerea transmitidutea, garatzea eta sustatzea izango dira, gizartearentzat zein garrantzitsua dan azpimarratuz eta kultura askotarikotasuna kontuan hartuz. Beraz, jakinik funtsezkoa dala ezagutzea zabaltzeko eta zabaltzea ezagutzeko, arlo honetako ekimenen ardatzak Bizkaiko historia eta kultura ondareko aktiboak katalogau, lehengoratu eta goraipatzea izango dira.
Era berean, bizkaitarren kultura sorkuntzea eta dinamismoa sustatuko dira eta kultura ekonomiaren eragilea izatea bultzatuko da, bai kultura-sorkuntzearen industriaren aldetik, bai turismoa erakarteko daukan potentzialaren aldetik. Gainera, Bizkaiko kultura azpiegituren barri emongo jake herritarrei.
Kirolaren arloan, ondoko helburu honeek izango dira: bizi-kalidadea hobetzea, herritar guztiek kirol-praktikarako aukerak izatea eta baloreak transmitidutea. Besteak beste, emakumeei laguntzinoa emongo jake kirolaren hainbat esparrutan jarduteko eta horren barri zabalduko da, euskerearen erabilerea sustatuko da kirolarien artean eta herri kirolak aldeztuko dira.
Agerraldiaren amaieran Euskera eta Kultura diputaduak iragarri dau egoitza elektronikoa abiarazoko dala herritarrek errazago egin ahal izateko Sailaren administrazino-izapideak, besteak beste, errazagoa izango da diru-laguntzinoak jasoteko izapideak egitea.