Dantza Gurea, Idurre Azkueren eta Joseba Irazokiren ikuskizun barria, Sopelako Kurtzio kultur etxean ikusi ahal izango da hil honetan; hain zuzen be, Kurtzion bertan sortu dabe obra hau. Azkuek sortu, zuzendu eta jantzan be egiten dau, eta horixe bera dau ardatz: jantzan egitea. Gorputza musikearen eta soinuaren esanetara dago, eta musikea eta soinua, gorputzaren esanetara.
Kontuak kontu, datorren zapatuan, irailaren 19an izango da aurrestreinaldia, 20:00etan. Sarrerak kultur etxean eskuratu daitekez, 3 euroan.
Dantza Gurea lanean notek eta soinuaren bibrazinoak gorputzari zelan eragiten deutsien aztertuko dabe eta, aldi berean, mobimentuak berak espazioan zelan dar-dar egiten dauen, eta hor zer arrasto ixten dituan.
Horregaitik, esan daiteke pieza hau kontzertu bat dala. Irazokiren kontzertu bat, baina gorputz jantzari bategaz. Gorputza bera soinu-tresna bihurtzen da, soinua eta erritmoa sortuz, lurraren kontra kolpatuz, adibidez, edo bi gorputzatalen talkeagaz, azaldu dau Azkuek.
Eszenan hainbat tresna agertuko dira, besteak beste, dunbala eta bateriaren plater bat, gitarra elektriko bat, anplifikadore bat, mikrofono bat, pedal batzuk eta askotariko tresna txikiak. Obreak aurrera egin ahala, bi artistek alkar eraginez jardungo dabe, tresna horreei soinua atarateko.
Azkuek, gainera, jantza garaikidearen klixe, estereotipo eta ohiko formetatik iges egin gura dau, eta ahalik eta modu personalenean mobidu, formak eta edukiak etenbako alkarrizketan jardun deien. Jantzearen unibersaltasunera hurreratzea eta hori ospatzea da asmoa.