Literaturea, komikigintzea eta futbola bat eginda, 'Letrak eta futbola' jaialdiaren seigarren edizinoan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 2a, 08:45

Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Salak eta Athletic Club fundazinoak eratuta, zemendiaren 2tik 6ra egingo da 'Letrak eta futbola' jaialdiaren seigarren edizinoa Bilbon. Ohiko legez, ospe handiko sortzaileak konbidauko ditue, futbolagaz eta kirolagaz daukien hartu-emona azaldu daien. Jaialdirako beren-beregi sortutako komiki biren 20.000 ale banatuko ditue uriko kaleetan eta, lehenengo aldiz, Athletic Club de Lectura dalako ekimena martxan ipiniko dabe: Nahi daben herritarrek gustuko dituen liburuak irakurteko gomendioa egin ahal izango deutsie Athleticegaz lotutako zazpi personari.

Lorea Bilbao Foru Aldundiko kultura diputaduak azaldu dauenez, letren eta futbolaren mundua batzea da jaialdiaren helburu nagusia. Gure kulturearen eta garapen personalaren parte dira literaturea eta futbola eta alkarregaz buztartu nahi izan doguz, adierazo dau. Athleticek sortzen dauen pasinoa irakurzaletasunera pasetea da asmoa.

Lorea Bilbaok dinoanez, funtsean literaturea, komikigintzea, kazetaritzea eta futbola batzen ditu 'Letrak eta futbola' ekimenak. Aurreko urteetan legez, futbolagaz edo kirolagaz harreman berezia daukien sortzaileak ekarriko ditue Bilbora. Oraingoz ez dabe aurreratu aurtengo parte-hartzaileen zerrendea, datozan egunotan jakineragingo dabe, izen guztiak konfirmetan dituenean. Ekitaldi gehienak BBK Salan eta Foru Liburutegian izango dira.

Igaz hasitako bideari segiduta, aurten barriro atarako dabe literaturea kalera, komikiak hain zuzen. Holan, zemendiaren 26an kalera urtengo dabe Athletic Club fundazinoaren boluntarioek, herritarren artean komiki biren 20.000 ale banatzeko. Komikietako bateko testuak euskeraz idatzi ditue Unai Iturriagak eta Alfonso Zapicok. 'Diamanteak, urrea eta ikatza' Athleticen inguruko istorioa da. Beste komikia, 'El portero', erderaz sortu dabe Santiago Garciak eta Pablo Riosek.

Bagilaren 2an, BBK Salan, 'Jokoz kanpo' obrea antzeztuko dau Borobil Teatro konpainiak. Oinarrizko futbolaren inguruko satirea da Mikel Pagadizabal, Nagore Aranburu eta Anartz Zuazuak idatzitako antzezlan hori. Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota izango dira aktoreak, Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean, Arantxa Iturberen laguntzinoagaz.

'Letrak eta futbola' jaialdiko nobedade nagusia Athletic Club de Lectura atala da. Jaialdiko webgunearen bidez, herritarrek liburu-gomendioak egin ahal izango deutsiez Athleticegaz lotutako zazpi personari. Josu Urrutia klubeko presidentea, Ernesto Valverde entrenatzailea, Carlos Gurpegui, Mikel Balentziaga, Jone Guarrotxena eta Ainhoa Tirapu jokalariak eta Jose Angel Iribar jokalari ohia izango dira gomendioak jasoko dituenak. Irailaren 23ra arte egin leitekez proposamenak.

Jose Angel Iribarrek esan dauenez, interesgarria izango da guretzat eta baita parte hartzen daben herritarrentzat be. Esperientzia polita izango dalakoan dago atezain ohia, nik neuk behintzat, behar dot zaleren batek esatea irakurteko liburu aproposa zein izan leitekean.

Osorik irakurri