Zortzi artistaren lanak batzen dira erakusketa horretan. Urriaren 2ra arte ikusi ahal izango da Bilboko Urazurrutia kalean, Bilbao Arte fundazinoaren egoitzako Kristalezko Patioan. Politiko-Poetikoa proiektua 2012an abiau eban artista talde batek, artelanen izakera politiko eta poetikoan arakatzeko asmoz. Joan diran hileotan egitasmo horren barruan artistek euki daben hartu-emonaren emoitzea ikusi ahal izango da 'Herliebe' erakusketan.
Politiko-Poetikoa proiektuaren barruko laugarren erausketa kolektiboa da Bilbao Artek dakarren hau. Oraingoan, zortzi artistaren gogoetak eta lana dakarrez: Edurne Gonzalez Ibañez (Sestao, 1980), Julen Alberdi (Iruña, 1991), Amaia Molinet (Lizarra, 1988), Damaris Pan (Mallabia, 1983), Claudia Lorenzo (Logroño, 1988), David Pavo (Ermua, 1987), Sandra Alcala Senosiain (Iruñea, 1985) eta Camilo Torres Zorrilla (Santiago Txile, 1971). Urtebetez jardun dabe alkarregaz eta, hortaz, bakotxak bere artelanak sortu dituan arren, obra guztien arteko harremana be bilatu dabe.
Politiko-Poetikoa sorkuntza eta erakusketa proiektua Amaia Molinete eta David Pavok zuzendutako egitasmoa da. EHUren Arte Ederren Fakultadearen inguruan sortu eben, artearen ikuspegi politiko eta poetikoaz gogoetea egiteko. Bilbao Arteko erakusketan, horregaz lotutako galderei erantzuten ahalegindu da artista bakotxa.
'Herliebe' irailaren 16tik urriaren 2ra egongo da Bilbon. Astelehenetik barikura, arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara egongo da zabalik. Doban sartu leiteke. Ganera, Bilbao Artek gogoratu eragin dau, Maria Sommer frantsesaren 'Surfaces' erakusketea dagoala bertan, irailaren 25era arte.