Jakin Irakurgaiak bildumako 46. alea plazaratu eta aurkeztu barri dabe: Hedoi Etxarteren Wagner auziaz, hain zuzen be. Robert Wangermée, Cathérine Clément, Slavok Zizek eta Alain Badiou musikagile handiaren ganeko adituek idatzitako testu bana itzuli eta ekarri dau Etxartek, eta era horretara ikuspegi oso desbardinak batu: soziologikoa, feminismoaren arlokoa, politikoa eta filosofikoa.
Sarrera potoloan, besteak beste, ondokoa idatzi dau Hedoi Etxartek: Jesusen eta Napoleonen ostean, Richard Wagnerri (1813-1883) buruz idatzi da liburu gehien. Ez Hitler, ez De Gau-lle, ez Mao, ez Shakespeare, ez Cervantes, ezta Stalin be. Musikea da ikutu ezin dan, ikusi ezin dan eta berbarik ez dauen artea: barrenak bortitzen eta sotilen ikutzen dituana. Eta titan baten aurrean gagoz.
Hedoi Etxarte (Iruñea, 1986) biolinaren interpretazinoan lizentziau zan Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan. Baina batez be idazle lez da ezaguna. Suzko lilia eta Sinplistak poema liburuak eta Ihes ederra irudi-eleberria kaleratu ditu.