Abeslariak, jantzariak eta musikariak batuko dira hilaren 26an Bilboko Euskalduna Jauregian, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta ETBren ekimen barrian. Euskal kantutegi tradizionaleko abestiak zabaldu eta danen artean kantetea da asmoa, euskal ondarearen parte horri bultzadea emoteko. Artista ezagunak egongo dira oholtzan, esate baterako Alex Sardui, Korrontziko Agus Barandiaran, Biotz Alai abesbatza, Andra Mari jantza taldea eta Bilboko Koral Alkarteko umeak. Ikusleak be kantetera animauko ditue.
Lorea Bilbao Foru Aldundiko Kultura diputaduak azaldu dauenez, euskaldunok badogu kanturako ohiturea, gure nortasuna adierazoteko bide bat da. Euskalduna Jauregiko jaialdia kantetako ohiturea bultzatzeko asmoz egingo dabe, gure musika eta kantuetarako erakusleiho ona izango da. ETBko zuzendari Edu Barinagaren esanetan, herrietan asko kantetan da, baina uriburuetan gatxagoa da jentea abesteko batzea, guk horretan lagundu nahi dogu.
Izan be, Bilbo Kantuan jaialdia, 2013an eta 2014an arrakasta handiz egin dan Iruñea kantuz-en arrastoan sortutako ekimena da. Iruñean barriro egingo dabe aurten, urriaren 12an Baluarten. Oraingoan, baina, Bilbo batu dabe ekimenera, irailaren 26ko saoagaz eta, ganera, zemendiaren 14an Donostia Kantuz be batuko jake. Gasteizera heltzea baino ez jaku faltau, dino Barinagak.
Euskalduna Jauregian kantariak eta beste adierazmolde batzuetako artistak batuko dira. Topaketarako espazioa izango da, kontzertu arrunta baino gehiago, adierazo dau Lorea Bilbaok. Xabier Euzkitze eta Zuriñe Hidalgo izango dira aurkezleak. Oholtzatik pasauko dira, ganera, Alex Sardui, Laura Latienda, Korrontziko Agus Barandiaran, Jaione Olazabal, Bilboko Koral Alkarteko umeen korua, Biotz Alai abesbatza eta abar. Eurakaz batera, jantzariek be parte hartuko dabe, Algortatik (Andra Mari taldea), Leitzatik eta Doneztebetik joandakoak.
Errepertorioan euskal kantutegi tradizionaleko pieza ezagunak dagoz: Poeta kaxkarra, Baldorba, Xalbadorren heriotzean, Lau teilatu, Prima eijerra eta Furra-furra, besteak beste. Angel Mariezkurrena jaialdiko antolatzaileak azaldu dauenez, danek parte hartzea da helburua. Horregaitik, artistek ez eze, aurkezleek be kantauko dabe eta entzuleak be animau nahi ditue. Han batzen garen guztion artean giro ederra sortu nahi dogu. Euskal kantugintzearen ondarea gordeteko deia egin dau Lorea Bilbaok. Edu Barinagak honakoa ganeratu dau: Kantua gure historia da, baina kantua bada gure etorkizuna be bai.
Bilbo Kantuan jaialdia irailaren 26an, zapatua, egingo dabe Euskalduna jauregian. Arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Sarrerak salgai dagoz dagoeneko, Euskaldunako leihatilan eta Kutxabankeko kutxazainetan. 12 eta 25 euro arteko prezioak ipini ditue.