Sho Hagio eta Hiromi Yoshida japoniar euskaldunduak arduratu dira euskerazko libururik zaharrena euren hizkuntzara itzultzeaz. Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako sailburuorde Patxi Baztarrikaren eta Etxepare Institutuko Aizpea Goenagaren laguntzinoagaz aurkeztu dabe itzulpena Donostian. 'Linguae Vascomun Primitiae' 1545ean argitaratu zan. Bernart Etxepareren lan hori euskeraz idatzitako lehenengo liburua da. Testuaren balio historiko eta sinbolikoagaitik, hizkuntza ugaritara itzulita dago, orain baita japonierara be.
Sho Hagio eta Hiromi Yoshida itzultzaile eta irakasleak dira. Euskalzale amorratuak be badira eta gure hizkuntzea ondo-ondo ikasi dabe. Hartara, Jaurlaritzaren eta Etxepare Institutuaren babesagaz, 'Linguae Vasconum Primitiae' itzultzeari ekin eutsien. Euskerazko originaletik japonierara itzuli dabe, tarteko hizkuntzarik erabili barik.
Liburuaren edizino hau hiru zatitan banatuta aurkeztu dabe Sho Hagiok eta Hiromi Yoshidak, Japoniako irakurlearen aurrean behar dan moduan azalduta egon daiten. Lehenengo zatian, Etxepareren testua bera jaso da japonieraz. Bigarren zatian, azalpen paratestuala (Hagiok egina) eta linguistikoa (Yoshidaren eskutik) ipini ditue. Hirugarren zatia egiteaz Ur Apalategi idazle eta filologoa arduratu da. Hitzaurrea egin dau berak.
Sho Hagio Nagoya Institute of Technology unibertsidadeko irakaslea eta Tokioko Euskal Etxeko sortzaileetako bat da. Orain dala 25 urte baino gehiago hasi zan euskerea ikasten, jakinminak bultzatuta. Ikerlan ugari egin ditu euskerearen eta euskal gaien inguruan.
Hiromi Yoshidak, aldiz, lotura handia dauka Azpeitiagaz. Hango hizkerearen ganeko tesia egin eban eta urtero bueltetan da hara. Itzulpen ugari egin ditu eta, gaur egun, japonierazko olerki sorta bat euskerara ekarten dabil.
Gaur egun, Japonian 23 ikaslek hartzen ditue euskera klaseak eta beste zortzi euskal kultureari buruzko kursoan dagoz. Tokioko Atzerriko Ikasketen Unibertsidadean eskaintzen da aukera hori, Etxepare Institutuak hara bialtzen dituan irakurleei esker.