Bilboko Itsasadarra Itsas Museora heldu da 'Alexander von Humboldt II' belaontzi alemaniarra egunotan. 'Belaontzi Handiak' programearen barruan ailegau da museora barku hori. Gaur, hilak 18, ontzia barrutik ezagutzeko aukerea eukiko dabe herritarrek. 2011n eregitako belaontzia da, korbeta erakoa, eta Bremerhaven urian dauka basea, Alemania iparraldean. Nabigazino tradizionala bultzatzeko erabilten dabe.
'Belaontzi Handiak' egitasmoa Itsas Museoa zabaldu zanetik dago martxan. Mundu zabaleko belaontzi nabarmenak Bilboko Itsasadarrera ekarri eta jenteari erakustea da asmoa. Holan, Bilbok itsasoagaz historian zehar euki dauen loturea azpimarratu nahi da eta, bide batez, beste herrialde batzukaz hartu-emona egin. Programa horri esker heldu ziran Bilbora, esate baterako, Portugaleko 'Sagres', Mexikoko 'Cuauhtemoc' eta Danimarkako 'Danmark'.
Oraingo honetan, Alemaniako 'Alexander von Humboldt II' ontzia heldu da Itsas Museoko moilara. 2011n eregitako ontzia da, 'Alexander von Humboldt' izeneko beste baten ordezko izateko. Bremerhaven urian dauka basea. Irabazi asmo bako DSST alkartea da jaubea eta nabigazino tradizionala bultzatzeko eta ezagutzera emoteko erabilten dabe. 25 personako lantaldea dauka, gehienak 15 eta 25 urte bitarteko gazteak, danak boluntarioak.
Belaontziak apareju tradizionala dauka baina teknologia barrienak be badaukaz, segurtasun neurri zorrotzakaz. Bela berde deigarriak daukaz. Udan Ipar Itsasoan eta Baltikoan ibili ohi da, belaontzi handientzako estropadetan parte hartzen eta portu ugari bisitetan. Holan heldu da Bilbora. Neguan ur epelagoetara joten dau, Mediterraniora, Karibe itsasora eta Kanariar uharteetara besteak beste.
'Alexander von Humboldt II' bariku arratsaldean bisitau ahal izango da, 14:00etatik 18:00etara, Itsas Museoak aurreratu dauenez. Zapatuan urtengo dau Bilbora, hurrengo helburuaren bila.