Iurretako eleizearen 200. urteurrena gogoratzeko egitaraua preparau dau Gerediaga Alkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 18a, 00:00

1815eko irailaren 29an bedeinkatu eben Iurretako eleizea, gaur egun San Migel Goiaingeruari eskainita dagoana. Efemeride hori ospatzeko, Gerediaga Alkarteak egitarau zabala antolatu dau egunotarako, Iurretako Udalaren, eleizateko kofradien eta parrokiaren laguntzinoagaz. Irailaren 22tik 29ra izango dira ekitaldi nagusiak. Besteak beste, eleizearen historia gogoratzeko liburua argitaratuko dabe.

Iurreta 1990ean bihurtu zan udalerri independente, Durangotik bereizita (1926an batu ziran). Horren aurretik, baina, historia oparoa dauka herriak, Erdi Arotik hasita. Durangaldeko Merindadeko eleizateetako bat izan zan eta burdinola garrantzitsuak euki zituan. Hartara, 19. mendearen hasieran, eleiza barria eregiteko erabagia hartu zan. Alejo de Miranda arkitektuaren proiektua oinarri, 1815eko irailaren 29an zabaldu eben Iurretako San Migel Goiaingeruaren eleizea.

200 urte geroago, Gerediaga Alkarteak gertakizun historiko hori gogora ekarriko dau barriro. Irailaren 22an, egitarauari ekiteko, Jon Irazabal Gerediagako kideak liburua aurkeztuko dau. 'Iurretako eleizaren istorioak' izenburupean, eleizearen historiako pasarte garrantzitsuenak ekarri dutu argitapen horretara. Irazabal iurretarrak liburuko pasarteak irakurriko ditu. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eleizako kaperan. Argitalpena bera, euskeraz zein gaztelaniaz eskuratu leiteke.

Hilaren 24an, eguena, Jesus Muñiz Eleiz Museoko kideak berbaldia eskainiko dau (kaperan, 19:00). Eleizearen eraikuntza lanek hamar urte iraun eben eta hareei buruzko azalpenak emongo ditu Muñizek, baita Alejo de Miranda arkitektu gipuzkoarrari buruzkoak be.

Asteburuan bisitaldi gidatuak egongo dira. Zapatuan eta domekan, hilak 26 eta 27, izango dira. Zapatuan, arratsaldeko 18:00etan, gaztelaniazko bisitaldi gidatua egingo dabe eta, domekan, goizeko 11:0etan, euskerazkoa. Aurretiaz emon behar da izena Gerediagan, leku mugatua dagoalako. Doban da.

Amaitzeko, irailaren 29an, San Migel egunean, eleizak 20 urte beteten dituan egunean be ez dira faltauko ekitaldiak. Batetik, meza berezia egingo dabe eleizan bertan, 11:00etan. Jose Maria Miangolarrak 1909an idatzitako 'Adoramus Deo' mezea lehenengo aldiz kantauko dau Iurretako koruak. Ondoren, kaperan, eleizearen kontu eta bataioen antzinako liburuen erakusketea zabalduko dabe. Iluntzeko 20:00ak arte bisitau ahal izango da.

Osorik irakurri