EHUko Medikuntzaren Historiako Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, Ikerlari talde zabal batek preparau dau 'Tuberkulosia, Ledo anbulatorioak 100 urte bete ditu' erakusketea. Bilbon, Foru Liburutegiko areto nagusian, egongo da ikusgai urriaren 17ra arte. Sasoi haretan miloeka hildako eragiten zituan tuberkulosiaren gatxari aurre egiteko, 1915ean zabaldu eben Ledo anbulatorioa eta zentro haretan egindako lanari buruzko jakingarriak batu ditue erakusketan.
Francisco Ledo doktoreak (Kubako Santiago, 1885- Bilbo, 1926) sortu eban bere izena daroan anbulatorioa, 1915eko maiatzaren 17an. Santa Marinako ospitaleagaz batera, tuberkulosiari aurre egiteko giltzarrietako bat izan zan zentro ha Bilbon eta inguruetan. 2008an zarratu eben anbulatorioa. Zabaldu zanetik mende bat bete dala eta, EHUko Medikuntzearen Historiaren Museoak Ledo anbulatorioaren historiari begiratu nahi izan deutso. Anton Erkoreka museoko zuzendaria eta Kepa Lizarraga medikua dira komisarioak.
Erakusketan, Ledo anbulatorioaren sorrerea eta bilakaerea azaltzen dira, datu eta objektuen bidez. Era berean, tuberkulosiari buruzko jakingarriak emoten dira. Bestetik, Kepa Lizarragak ikertzen segiduten dau, Francisco Ledo doktorearen bizitzaz gehiago jakiteko eta gaixoaren kontrako lanean egin eban ekarpena hobeto ezagutzeko.
Tuberkulosia behin eta barriro agertzen diran gaixotasunen artean dagoala azaldu dau Kepa Lizarragak erakusketearen aurkezpenean. Gaur egun, munduan 9 miloe persona kutsatzen dira urtero eta horreetatik miloe eta erdi hil egiten ditu tuberkulosiak. Oraintsura arte, Europan be sarraski izugarriak eragiten zituan gaixo horrek. Gaur egun, urtero 200 kasu inguru agertzen dira Bizkaian. Halandabe, sasoi bateko eragin lazgarririk ez dauka tuberkulosiak gurean, besteak beste Ledo anbulatorioak eta antzeko proiektuek egindako beharrari esker.