Bilboko Argazkigintza Garaikideko Zentroan dabilzan 14 ikaslek euren obrak erakutsiko ditue zemendiaren 30era bitartean zentroan bertan, Zabalguneko eraikinean, A matter of time-Denbora kontua izenburuko erakusketan, zentroko arduradunek jakinarazo dabenez. Datorren urtarrilean hiru urte beteko dira Argazkigintza Garaikide Zentroa Bilboko Zabalguneko eraikinean edegi ebenetik, eta balantzea ezin da positiboagoa izan, bere arduradunen arabera. Denpora horretan, 300 ikasle baino gehiagok parte hartu dabe programautako ikastaroetan, hasierako mailetatik master profesionaletara dagozan ikastaroetan.
Ganera, erakusketa gelan argazkigintzearen alorrean eta nazinoartean izen ona daben profesionalen lanak egon dira ikusgai. Era berean, argitalpen ildo handia garatu dau aldi horretan eta Contratiempo dobako aldizkariaren 12 ale argitaratu ditu orain arte, baita arrakasta handia izan daben katalogo bi be; horreetan, artista ospetsuak eta zentroan bertan sortutako autoreak batzen dira.
Zentroaren prestakuntza arloaren adibide da eguen honetatik zemendiaren 30era bitartean Zabalguneko eraikinean bisitau ahal izango dan A matter of time erakusketea. Bertan, zentroko 14 ikasleren obrarik onenak batu eta erakusketako autore eta protagonista bihurtu dira. Lan horreek kontu handiz batu dira katalogo batean, persona horreen gaitasun artistiko egiaztatua agirian ixteko eta euren lana kanpora proiektetako.
Erakusketea, urian argazkigintza garaikidearen bizitasunak emoten dituan taupaden proba eztabaidaezina da. Gainera, urteetan zehar zentroan egindako lanaren parebako emoitzak agirian ixten ditu, argazkigintzea hezkuntzan, erakusketetan eta argitalpenetan zabaltzeko jarrerea indartuz. Esangura horretan, erakusketea eta katalogoa Euskal Herrian garatutako lana ezagutzera emoteko plataforma izango dira.