Anne Etchegoyen: 'Proiektu barrian bakartiago ibiliko naz'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 21a, 09:42

Anne Etchegoyen (Donapaleu, 1980) proiektu barri baten sartuko da egunotan. Bere etxe aurretik hasi eta Galiziaraino, oinez joango da, Santiago Bidearen arrastoan. Bakarrik joango danez,  gogoetarako eta musikea sortzeko tartea topau nahi dau bidean. Emoitzea, Compostelle izeneko diskoa izango da. Dokumentala be grabauko dau, 791 km-ko bideko bizipenakaz. Ikuspuntu humanista batetik begiratuta, hainbat gai landu nahi leukez egitasmo barrian, esate baterako, kulturen arteko bizikidetzea, baloreen krisia eta abar. Euskerea, frantsesa, gaztelania eta beste hizkuntza batzuk erabiliko ditu.

Etchegoyenek aldaketea nahi dau bere ibilbide musikalean eta Compostelle mugarria izatea nahi dau. Joan diran hileetan herririk herri ibili da, arrakasta handiko kontzertuak eskaintzen, tartean Bilboko Aste Nagusian. Euskerea ikasten be badabil eta polito egiten dau dagoeneko.

 

1- Zergaitik erabagi dozu zeure hurrengo proiektua Santiago Bidearen inguruan egitea?

Esangura asko daukaz bide horrek niretzat. Lehenik eta behin, norbere barrura begiratzeko gogoa emoten dauen bidea da, nire helburu bakarra ibiltea eta neure barrura begiratzea izango da. Ganera, umezaroa gogora ekarten deust, nire jaioterritik, Donapaleutik, Santiago Bidea pasetan dalako. Beti ikusi izan dodaz erromesak gure herrian eta orain neu be erromes bihurtuko naz. Horrenbeste kilometro ibilteak, duda barik, eragina izango dau nigan eta nire musikan.

 

2.- 791 km dozuz aurretik, zer espero dozu?

Egia esan ez dakit, ibiltean ikusiko dot, zer topauko dozun ez jakitea interesgarria da. Erromesak, istorioak kontetan dituan jentea topauko dodazala uste dot. Sarri irakurri dodaz gauzak Santiago Bideaz baina orain benetan zelakoa dan ikusiko dot. Lehenengo aldiz, ez dakit zer espero. Inspirazinoa topauko dodalakoan nago, ikusiko dogu.

 

3.- Bakardadeak disko barria sortzen lagunduko deutsula uste dozu?

Batzuetan beste erromes batzuk topauko dodazala badakit eta bidearen une batzuetan artista batzuk konbidauko dodaz neugaz egotera. Baina egia da gehienbat bakarrik egongo nazala. Uste dot pentsetako, naturea ikusteko eta inspirazinoa topetako modua izango dodala.

 

4.- Proiektu hau aldaketea izango da zure ibilbidean. Nora bideratu nahi zeunke zure ibilbidea aurrerantzean?

Ba hori be ez daukat garbi. Musikea sortzen hasten zarenean ez daukazu ikuspegi garbi bat, ez dakizu nora helduko zaren, musikearen mundua aldakorra da erabat. Badakit abesten segiduko dodala, koruakaz eta beste artista batzukaz alkarlanean segiduko dodala, baina zehaztasun handi barik. Hau proiektu barria da, bakartiago ibiliko naz, proiektu personalagoa da hau aurrekoak baino.

 

5.- Euskereak barriro ze leku hartuko dau zure letretan?

Hori be ezin dot jakin aurretiaz, ikusteko dago. Halandabe, nik euskeraz kantetan dot, euskeraz kantetea atsegin dot eta holan segiduko dot disko honetan be, baina une honetan ez da posible niretzat esatea zenbaterainoko lekua eukiko dauen oraingoan.

 

6.- Euskeraz ikasten ari zara, zer moduz doa?

Ondo, baina gatxa da niretzat. Ganera, Iparraldean eta Hegoaldean euskera desbardinak dagoz. Euskaltegian ikasten dodan euskerea eta nire amak berba egiten dauena desbardinak dirala ikusten dot. Poliki-poliki banoa, barnetegian egon nintzan orain dala zortzi-hamar hile eta orain Miarritzeko AEKn nago.

 

7.- Disko barrian beste hizkuntza gitxitu batzuei lekua egiteko nahia be agertu dozu, ezta?

Bai, normalean kultura gitxiagoturen bateko artistaren bat konbidetan dogu, azkanaldion Cristina Pato galiziarragaz nabil hartu-emonetan. Gaitea joten dau berak. Proiektu barrian, ganera, abesti bateko grabazinora konbidauko doguz hainbat kulturatako ordezkariak euren hizkuntza be entzun daiten. Korsika, Bretainia eta Galiziatik etorriko dira. Ganera, hizkuntzak bakarrik ez, Galizia, Korsika eta abarreko musika-tresnak be sartuko doguz.

 

8.-Diskoa argitaratzen dozunean, kontzertuak leku berezietan emoteko asmoa daukazu, ohiko eszenatokietatik aparte: eleizak, kaperak, gazteluak...

Bai, hori aspalditik egiten dot. Maite dot holako lekuetan abestea, akustika desbardina da. Kontu kulturala be bada Euskal Herrian, abesbatza askok eleizetan abesten dabe. Giro berezia sortzen da. Santiagoko Bideagaz lotutako proiektu bat martxan jarri dogun ezkero, uste dot naturala dala holako lekuetara jotea.

 

9.- Diskoa albo batera itxita, esan behar da Euskal Herri guztia zeharkatu dozula udan kontzertuak emoten. Bilboko Aste Nagusian Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz abestu zenduan, zelako esperientzia izan zan?

Esperientzia berezia izan zan, orkestreagaz batera kantau nebalako. Jente asko egon zan, plazera izan zan amaieran entzule guztiak tente ikustea,txaloka. Bestetik, oholtza ganean, artista guztion artean, ehun persona inguru batu ginan, Biotz Alai korukoak be han egon ziran eta hareekaz barriro topetea polita izan zan, zoragarria izan zan alderdi humanotik eta profesionaletik.

 

10.-Zelakoa da Bizkaiko publikoa zure ustez?

Gogoan dot Hego Euskal Herrian lehenengo kontzertuak emoten hasi nintzanean, Portugaleteko eleiza baten, jentearen errespetuak harritu ninduala, danak isilik. Halandabe, lekuaren arabera be izaten da, areto baten edo aire zabalean egitea ez da bardin, giroa aldatu egiten da. Orokorrean, nik esango neuke jentea oso errezeptiboa dala. Euskal Herritik kanpoko emonaldiakaz konparauta, agian hemengoa isilagoa da, Frantzian berehala tente paretan dira, parte hartzen dabe. Baina ez dago alde handirik edozelan be.

 

11.- Zuk arrakasta handia euki dozu euskal kantu tradizionalak abesten, Euskal Herrian zein kanpoan. Zer daukie euskal kantuek publiko horren desbardinei disfrutau eragiteko?

Atzean historia bat daukien abestiak dira, atzean herri bat dago. Kolorea, historia, ondarea eta lurra batzen dira. Horrenbeste eta horren arin aldatzen dabilen gizarte horretan horrek balio nabarmena dauka, izan hemen edo izan atzerrian. Jenteak era horretako errepetorioa kantetan dauenean, dagozan lekuaren eta daukien jatorriaren gomuta ekarten deutse. Badago aldea, euskeraz abestetik frantsesez edo gaztelaniaz abestera, euskerazkoek gure sustraietara eroaten gaitue, indar berezia daukie. Uste dot Korsikan eta Bretainian antzera jazoten dala, hango artista ugari ezagun egin dira azkanaldion.
 

Osorik irakurri