AEK-k astegoienean aurkeztu dau mintzapraktika egitasmoetarako izen-emote kanpainea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 21a, 00:00

2015-16 ikasturtean be, AEK-k abian jarri ditu mintzapraktika programak; joan dan zapatuan, egitasmoaren aurkezpena egin dau, Lotsarik barik, praktikau geugaz lelopean. Kalean -Portugaleteko terraza batean, hain zuzen-, AEKren mintzapraktika egitasmoen koordinatzaileak eta programetako kideak batu dira, egitasmo horreen nondik norakoak azaltzeko.

Azken urteotan legez, egitasmoetako partaideek jarri deutsie arpegia kanpaineari; lagun horreek erakutsi dabe euskeraz berba egiteko lotsea galdu behar dala, eurek egin daben legez, hizkuntza gaitasuna areagotzeko eta euskal hiztunon hurreko komunidadea handitzeko.

Aurreko ikasturtean, alkar ezagutzeko ekintzek (mintzodromoa, ikastaroak, urteerak, bazkari zein afariak, ikuskizuna, kultur urteera eta bestelakoek) oso harrera ona izan eben mintzapraktika programetan parte hartu eben 6.000 lagunen artean. Beraz, egitasmoen antolatzaileen helburua da horreek sustatzen jarraitzea aurrerantzean.

Bestalde, asmoa azaldu dabe Gurasolagun programeari be beste bultzada bat emoteko, familietan eragitekotan. Gainera, aurten, barrikuntza moduan, Gaztelagun abiatuko da hainbat herritan, gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzeko. 

Mintzapraktika egitasmo barriok herriz herri aurkeztuko dira urrian. Ikasturte honetan, toki gehiagotan sortuko dira taldeak, beti be, euskerearen erabilereak gero eta indar handiagoa hartu daian.

2015-16 ikasturtean parte hartu nahi badozu Euskal Herrian osotuko diran mintzapraktika programetako baten batean (Berbalagun, Mintzalagun, Mintzakide, Gurasolagun... 100etik gora), dagoeneko emon zeinke izena. Horretarako, euskaltegi, euskera alkarte edota euskera zerbitzuetara zein www.praktikatu.eus webgunera jo zeinke.

Osorik irakurri