Art After Dark saioak irailaren 25ean itzuliko dira Guggenheim Bilbao Museora

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 17a, 00:00

Art After Dark saioak irailaren 25ean itzuliko dira Guggenheim Bilbao Museora, Jonny White kanadarrak (Art Department) 00:00etatik aurrera eskainiko dauen kontzertuagaz.

CircoLoco klubeko DJ egoiliarra da; Fabric eta Panorama aretoetan musikea jarri dau, baita Ultra Music Festival (Miami), Global Gathering (Erresuma Batua), Lollapalooza (Chicago) eta Coachella (Kalifornia) jaialdietan be.

Haren estudioko produkzinoek sari garrantzitsuak jaso ditue: Resident Advisorek (Erresuma Batua) 2010eko onenen artean sailkatu eban abesti bat, 2011n iTunesen haren diskoa elektronika ataleko onenen artean izan zan (bigarrena), eta urte horretan bertan Beatport saria jaso eban, abesti onenari. Horrezaz gan gaur egungo diskoetxe handi baten (No.19 Music) jaube da.

Jonny Whiten aurretik, DJ Frontsidek hasiko dau gaua. Jean-Michel Basquiat (haren erakusketwa dago ikusgai) omenduko dau Pedro Santa Cruz Alonso 1975ean jaiotako bilbotar artista plastikoak. Basquiatek entzuten eban musikaz osotutako saioa atonduko dau, batez be, jazz, bebop, hasierako hip hop eta new wave soinuakaz.

Horrezaz gan, Brooklyngo artisteak berak 1979an sortutako Gray taldearen abestiak be jarriko ditu; Basquiatek klarinetea eta sintetizadorea joten zituan, eta Grayren musikea industrial noise esperimental estilokoa da. DJ Frontsiden saioa New Yorkeko sortzailearen munduan sartuko ditu ikus-entzuleak doinuen bidez; bidaia horretan klasikoak eta soinu lisergiko eta industrialak izango dira, Basquiaten unibersoan sakontzeko.

Ondoren, Blackboard Jungle Frantziako taldearen txandea izango da, reggae eta dub soinuez gaua girotzeko. 20 urteko esperientzia dauka eta 30.000 watteko soinu-sistemea erabilten dau; horri esker munduko dub eta sound system giroetan talde handia da: Europako reggae jaialdi garrantzitsuenetan izan da, besteak beste, Rototomeko Dub Academyn. Estudio baten eta diskoetxe baten jaubeak dira.

Denporaldiko lehenengo Art After Dark saiora Guggenheim Bilbao Museora hurreratzen diranek aukerea izango dabe Jeff Koons: atzera begirakoa eta Jean Michel Basquiat: Bada garaia erakusketak eta Shahzia Sikanderren Paralajea (Parallax) bideoinstalazinoa ikusteko.

Kontuak kontu, sarrereak (18 urtetik gorakoentzat bakarrik) 13 euro balio dau publiko orokorrarentzat eta 9 euro Museoaren Lagunentzat. Ikusle kopuru mugatua da.

Osorik irakurri