Gorabide alkarteko erabiltzaileek jasoko dabe Bilboko Ibiltaria Saria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 22a, 09:10

Bilboko Udalak antolatutako Mobikortasun Astearen azkenengo egunean, irailaren 22an, Gorabideko erabiltzaileak izango dira protagonista nagusiak. Izan be, herritarrek hedabideen bidez emondako botoei esker, eurek jasoko dabe Bilboko Ibiltaria Saria, uri bizigarriago, atseginago eta jasangarriago bat lortzeko egindako lanagaitik. Mobikortasun Asteko erdigunea, 100 urte betetear dan Artxandako funikularra izan da eta sari banaketea be hantxe egingo dabe.

Bilboko Ibiltaria Saria laugarrenez emongo dabe aurten. Virginia Berasategi, txikiteroak eta Bakuva alkartea izan dira aurreko edizinoetako sarituak. Aurten hiru hautagai proponidu ditue antolatzaileek eta Gorabideko erabiltzaileen alde egin dabe herritarrek, Laboral Kutxako isidro Elezgarairen eta Beñat Intxausti txirrindulariaren aurretik. Hilaren 7tik 20ra emon ahal izan da botua, Bizkaiko hedabideen bidez.

Gorabide irabazi asmo bako alkartea da, 1962an sortua. Buruko gaixotasunak daukiezenei zerbitzu integrala emotea da helburua, gizartean behar dan moduan integrauta bizi daitezan. Gorabideko arduradunek adierazo dabe, saria garrantzitsua dala eurentzat, ikusgarritasuna emongo deutselako eta herritarren botuen bidez irabazi dabelako.

Martitzena Bilboko Mobikortasun Astearen azkanengo eguna izango da. Funikularraren plazan, Ibiltaria Saria emongo jake Gorabideko erabiltzaileei eta marrazkidun ipuinen sari banaketea be egingo dabe. Itsasadarrean piraguan ibilteko aukerea egongo da. Ganera, Bilbon nire kotxe barik manifestua irakurriko dabe, mobikortasun jasangarriaren alde.

Osorik irakurri