Urtero legez, aurten be jantzearen inguruko proposamen ugari dakarz udagoienak, La Fundicion aretoak antolatutako Dantzaldia jaialdiaren bidez. Irailaren 23tik abenduaren 13ra, hamaika saio egongo dira guztira, zein bere estiloagaz eta nazinoarteko artistak tartean dirala. Tailerrak eta bestelako jarduerak be egongo dirala aurreratu dabe antolatzailek.
Aurten 16. ekitaldia beteko dau Dantzaldiak eta, beraz, ondo finkatutako hitzordua da Bizkaiko arte eszenikoetako eskaintzearen barruan. Oraingo honetan be, estilo ugaritako proposamenak batu ditue egitarauan. Hasteko, inaugurazino ekitadian, Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko Dimo Kirilov eta Tamako Akiyama egongo dira oholtzan, Aimless lanagaz. Irailaren 23an izango da hori, iluntzeko 20:00etan, Rekalde aretoan.
Urriaren 11n eta 12an, Valentziako Spin-off taldeak Persona ikuskizuna eroango dau La Fundicion aretora. Hil horren 15ean, ostera, Espainiako Dantza Konpainia Nazionaleko Tania Arias egongo da Azkuna Zentroan. Zemendian, Ayelen Parolin argentinarra (6an BBK Salan), Jordi Cortes eta Damian Muñozen binakako saioa (15ean Euskalduna Jauregian) eta Juan Carlos Lerida kataluniarra (21 eta 22an, La Fundicionen) egongo dira egitarauan.
Amaitzeko, abenduan hiru saio dakarz Dantzaldiak: 5ean Belen Maya konpainia BBK Salan izango da, 12an Voetvolk Guggenheim Museoan eta 13an, Euskaldunan, Sharon Fridman konpainia. Egitarau osoa hemen.
Jantza emonaldiakaz batera, jarduera osogarriak eratu ditue Dantzaldia 2015en. Esate baterako, flamenkoaren inguruko tailerra egongo da abenduaren 3, 4 eta 6an, eta jantza garaikidearen ingurukoa 10, 11 eta 12an, Euskalduna jauregian. Sektoreko profesionalen arteko topaketea be egingo dabe eta zinema-proiekzinoak egingo dira Bizkaia Aretoan, Zinema-Bideoa sailaren barruan.