Gorabide alkarteko erabiltzaileek jasoko dabe Bilboko Ibiltaria Saria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 22a, 00:00

Bilboko Udalak antolatzen dauen Mobikortasun Astearen azkanengo egunean, irailaren 22an, jasoko dabe Gorabideko erabiltzaileek Ibiltaria Saria, uri bizigarriago, atseginago eta jasangarriago baten alde egindako lanagaitik. Herritarrek hedabideen bidez emon ahal izan dabe botua aurtengo irabazlea aukeratzeko. Ehun urte betetear dan Artxandako funikularra izan da Mobikortasun Asteko protagonista nagusia eta beheko geltokiaren alboan egingo daben ekitaldian jasoko dabe saria Gorabidekoek.

Laugarrenez emon dabe Bilboko Ibiltaria Saria. Aurreko urteetan, Virginia Berasategi, Bilboko txikiteroak eta Bakuva alkartea izan dira irabazleak, eta oraingo honetan Gorabideko erabiltzaileek lortu dabe izendapena, Laboral Kutxako Isidro Elezgaraik eta Beñat Intxausti txirrindulariak baino botu gehiago lortuta. Bizkaiko hedabideen bidez emon ahal izan dabe botua herritarrek, irailaren 7tik 20ra bitartean.

Gorabide irabazi asmo bako alkartea da, 1962an sortua. Buruko gaixotasunak daukiezan personei lagundu eta gizartean behar dan moduan integrau daitezala bultzatzea da helburu nagusia. Gorabideko ordezkariak pozik agertu dira Bilboko Ibiltaria Sariagaz. Euren lana eta beharrak ikusgarriago egiten lagunduko deutsela uste dabe eta, ganera, herritarren botuakaz lortutako izendapena dala nabarmendu dabe.

Bilboko Mobikortasun Astearen azkanengo egunean, irailaren 22an, Funikularraren plazan egingo dan ekitaldian jasoko dabe saria Gorabideko erabiltzaileek. Marrazkidun ipuinen lehiaketako sariak be emongo dira eta piraguan ibilteko aukerea egongo da itsasadarrean. Bilbon nire kotxe barik manifestua irakurriko dabe, egitaraua biribiltzeko.

Osorik irakurri