Ibilbidea aldatuta dator domekan Gorbeia Suzien mendi lasterketea

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 22a, 00:00

Aurreko urteetan legez, Zeanuritik Gorbeia eta inguruko parajeetara igongo dabe korrikalariek Gorbeia Suzien lasterketeagaz. Ingurumenagaz lotutako kontuak dirala eta, aurtengo ibilbidea apur bat desbardina da aurreko urteetakoaren aldean. Edozelan be, Gurutzetik pasauko dira parte-hartzaileak eta baita parke naturaleko beste leku ezagun batzuetatik be. 31 kilometroko ibilbidea preparau dabe. 22 kilometroko laburrago bat be egongo da aukeran, herrikoiagoa, oinez zein korrika egiteko. Aste osoan ekitaldi ugari egongo dira Arratian, Gorbeia Suzianen atxakian.

Martitzenean, irailak 22, Aiko taldearen jantza tailerrak emongo deutso hasierea asteko egitarauari. Eguaztenean, Areatzako udal aretoan, mahai-ingurua egongo da, 'Zergatik egiten dogu korrika?' gaiaren inguruan. Eguenean, Igorren, 'Euskara eta kirola' mahai-ingurua antolatu dabe, Koikili Lertxundi futbolariagaz eta Igor Anton txirrindulariagaz. Barikuan, lasterketarako dorsalak banatuko dira. Era berean, berbaldiak, proiekzinoak eta argazki erakusketak egongo dira Zeanurin.

Asteburuan kirolak hartuko dau lekukoa egitarauan. Holan, zapatu goizean umeen lasterketea egingo dabe eta, arratsaldean, lasterketa nagusiko prestakuntzak, dorsal-banatzeak eta abar egongo dira. Domekan ehundazak mendizale eta korrikalari batuko dira Zeanurin, urteroko hitzorduak erakarrita. Goizeko 9:00etan hasiko dira lasterketak, bai nagusia eta baita herrikoia be. Eguerdian sari-banaketea eta bazkaria etorriko dira eta Arratiako asterik mendizaleena amaitzeko, Aiko taldearen saioa egongo da arratsaldean.

Antolatzaileek azaldu dabenez, lasterketan parte hartzen dabenek haurtzaindegi zerbitzua eukiko dabe, baita masajeak hartzeko gunea be. Irabazleei sariak emongo jakez eta, ganerakoen artean, sari ugari zotz egingo dira.

Gorbeia Suzien lasterketako ibilbidean aldaketak egon dira, ingurumenagaz lotutako arrazoiakaitik. Hartara, aurten 31 kilometroko zirkuitua preparau dabe, Zeanuriko plazan hasi eta amaitu. 2.400 metroko desnibelari aurre egin beharko deutsie parte-hartzaileek. San Justo, Arraba, Aldamin, Egiriñao, Lanbreabe eta beste leku ezagun batzuetatik pasauko dira, baita Gorbeiako Gurutzetik be.

Lasterketa herrikoiak, bien bitartean, 21 kilometroko ibilbidea dauka, 1.100 metroko desnibelagaz. Oinez zein galapan, bakotxak nahi dauen modura egin leiteke, antolatzaileek argitu dabenez. Ibilbide honetan ez dira Gorbeiako Gurutzetik eta Aldaminetik pasauko.

Gorbeia Suzien lasterketea Gorbeia eta bere ingurunea ezagutzera emoteko ekimena da. Ohiko bideak albo batera itxi eta ahaztutako bidezidorrak berreskuratzeko lana be egiten dabe. Suzien Mendi Klubak antolatzen dau urtero, 2012tik.

Osorik irakurri