Bilboargazki jaialdian erakusketak, berbaldiak eta tailerrak egongo dira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 23a, 00:00

Irailaren 30ean hasi eta urri guztian egingo dabe Bilboargazki ekimenaren 9. edizinoa, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Alkarteak antolatuta. Ohiko legez, mundu zabaleko argazkilariak konbidau ditue, euren lana erakutsi eta azalpenak emon daiezen. Era berean, tailerrak eta berbaldiak be egongo dira, argazkigintzeagaz lotutako gaiak gizarteratzeko. Ohiko legez, Argizaiola sariak banatuko dira eta umeakaz ibilaldia egingo da, argazkiak atarateko.

Yang Yuelan txinatarraren Great Wall erakusketea irailaren 30etik egongo da zabalik, Munduen Gunean (Simon Bolivar kalean). Bilboargazkiren inaugurazino ekitaldia egingo dabe han, 30ean bertan. Yang Yuelan egongo da eta Irrintzi Ibarrolaren emonaldia be programau dabe ekitaldirako. Photo Bat alkartea aurkezteko be aprobetxauko dabe saioa.

Urriaren 1etik 15era Pedro Javier Pascualen Mundua oin azpian erakusketea egongo da Barrainkua aretoan. La Granja kafetegian, aldiz, hil horren 31ra arte ikusi ahal izango da Marina Gondraren Begiak ixtean. Agustin Sagasti, Andoni Lubaki, Esther Camacho Cerezo eta Daniel Brandli-ren erakusketak be ipiniko ditue Bilboko hainbat lekutan.

Bilboargazkik urtero antolatzen ditu jarduera osogarriak. Aurten, berbaldi eta tailer ugari egongo dirala aurreratu dabe. Esate baterako, Andoni Lubakik gatazketako kazetaritzaz egingo dau berba eta Pedro Javier Pascualek bere teknika berezien barri emongo dau. Urriaren 25ean umeentzako txangoa antolatu dabe, goizeko 10:30ean Azkuna Zentrotik urtenda. Inguruko kaleetan argazkiak atarako ditue eta argazkigintzako oinarrizko teknikak ikasiko ditue.

Aurtengo Argizaiola saria Manuel Barreirok jasoko dau. Akzesita Asier Garagarzak eta Eladio Airesek lortu dabe. Urriaren 14an, 19:45ean, berbaldia eskainiko dabe hirurek, Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. Hil osoan leku horretan egongo dira ikusgai eurek ataratako argazkiak. 

Osorik irakurri