Irailaren 23tik 27ra bitartean II. Sopela Kosta Fest jaialdia izango da eta egitarau osotuagoa eta anitzagoa izango dau. Egitarauak hiru ardatz nagusi izango ditu: musikea, surfa eta naturaren babesa. Jaialdiaren helburua honakoa izango da: Sopelako turismoa indartzea, sopeloztarrei eta bisitariei kalidadezko kultur jarduerak eskaintzea eta dendari txikiei eta ostalariei laguntzea.
Sopela Kosta Fest jaialdiak udalerria surf, natura eta musikaz beteko dau egunotan. Igazko arrakastearen ostean, bigarren edizinoa antolatzea erabagi dabe. Jarduera gehienak doban izango dira. Batez be gune bi egongo dira: hondartza-ingurua eta udaletxe plazan jarriko dan karpea.
Musikeari jagokonez, kontzertu nagusiak irailaren 25ean eta 26an izango dira, udaletxeko karpan. Barikuan emakumeak igoko dira eszenatokira: Abalone Dots taldea izango da gau horretako protagonistetako bat, Tania de Sousa, Libe eta Las Gildas-egaz batera. Zapatuan, ostera, Kiko Veneno, Audience, The Uski´s eta The Agapornis egongo dira oholtzan. Domekan, Gibelurdiñek taldeagaz kalerik kalekoa egingo dabe, Barinatxaraino.
Naturaren babesari jagokonez, aurtengo jaialdiak ingurumenagaz lotutako jarduerak indartuko ditu. Barrikuntza nagusia domo geodesiko baten eraikuntzea izango da, bioeraikuntza tailer baten bidez, udaletxe plazako berdegunean (jaialdiaren ostean domoa kenduko da). Gainera, domoan bertan ingurumenagaz lotutako hainbat jarduera egongo dira: xaboi eta kosmetiko naturalen ikastaroa, txorientzako habiak sortzeko tailerra eta abar. Era berean, fracking-aren kontrako aldarria be presente egongo da jaialdian. Adibidez, haustura hidraulikoaren kontrako bertso-saioa egongo da Fredi Paia, Ekaitz Larrazabal Katxo eta Jone Uriaren eskutik.
Surfa izango da Sopela Kosta Fest jaialdiak landuko dauen hirugarren esparrua: surf-taldeen arteko txapelketea egongo da, surf-ikastaroak, eta abar. Gainera, jaialdiaren barruan surfagaz lotutako film laburren txapelketea egongo da. Irabazleen lanak irailaren 24an proiektauko dira udaletxe plazako karpan.
Jaialdiak barrikuntza ugari izango dituan arren, lehenengo edizinoan erantzun ona izan eben hainbat jarduera aurten be izango dira, berbarako, surf ikastaroak zein parapente hegaldiak debalde, itsas-labarretara bisita gidatuak, hegaztiak behatzeko urteerak, natureagaz lotutako umeentzako tailerrak, antzezlanak, eta abar.
Gainera, jaialdiaren hasierea harrigarria izango da, batez be herriko txikientzat. Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikuskizun eder bategaz helduko dira Urko kiroldegira, eguazten arratsaldean: itsasoagaz eta Ternuara arrantza egitera joaten ziran euskal arrantzaleakaz lotutako ikuskizuna izango da. Saio bikotxa eskainiko dabe (16:30 eta 18:30), eta ostean kalejiran igoko dira Larrabasterratik udaletxe plazaraino. Bertan, Euskal Herriko pailazorik ezagunenek Sopelako umeei harrerea egingo deutse.
Jaialdiaren amaierea be ikusgarria izango da; igaz egin zan moduan, suzko faroltxuak botako dira zerura jaialdia amaitzeko. Faroltxuak guztiz biodegradarriak dira, eta aurten gehiago botako dira, igazko eskaera handia aintzat hartuz: 300 beharrean 500 botako dira. Batutako diru guztia Aimar del Pozo ume sopeloztarrari egin behar deutsiezan ebakuntzak pagetan laguntzeko bideratuko da. Ganera, irailaren 27an, bigarren eskuko gauzen azokea egongo da.