Luzaroan itxarondako azpiegiturea, arte eszenikoetako profesionalek sarri eskatutakoa, martxan dago. Izan be, jantzea eta arte dramatikoa lantzeko Euskal Autonomia Erkidegoko goi eskolearen lehenengo ikasturteari ekin deutsie. Inaugurazino ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakaria egon da, beste agintari askogaz batera. Dantzerti izeneko goi eskolea Bilbon ipini dabe, Ibarrekolanda auzoan hain zuzen. 25 ikaslegaz hasi dabe kursoa.
Urkulluk azpimarratu dauenez, Dantzertik irakaskuntza artistikoen espazioa osotuko dau Euskadin. Musika arloan jarduten dauen Donostiako Musikenegaz eta arte plastikoetako Gasteizko Diseinu Eskoleagaz batera, sorkuntzearen eremuko goi mailako eskaintza akademikoaz arduratuko da Bilbon zabaldu barri dan zentroa. Dantzertik alor bi hartuko ditu batez be: jantzea alde batetik eta, bestetik, arte dramatikoa.
Iñigo Urkullu Lehendariagaz batera, Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburua egon da inaugurazino ekitaldian. Bilboko Udalaren izenean, Juan Mari Aburto alkatea bertaratu da. Arte eszenikoen, unibersidadearen eta erakunde publikoen munduko beste agintari batzuk be han izan dira.
Iñigo Urkulluk azpimarratu dauenez, kulturearen zabalkuntzeagaz eta sorkuntzeagaz konprometidutako zentroa da Dantzerti. Euskereari be mesede egingo deutsala nabarmendu dau Lehendakariak, aktoreak eta gidoilariak euskeraz lan egiteko gauza izan daitezan formakuntzea emongo dalako. Eusko Jaurlaritzeak proiektua aurrera atarateko egindako ahalegina gogora ekarri dau Urkulluk. Izan be, jantzearen eta arte dramatikoaren arloko irakaskuntzea erkidegoan ezarteko asmoa euki dau Jaurlaritzeak, sektore horretako enplegua bultzatze aldera.
Lehenengo ikasturte honetan, 25 ikaslegaz hasi dira Dantzertin. Horreetatik 15ek Arte Dramatikoa modalidadea ikasten dabe eta ganerako hamarrek, Jantzea. Guztira, hamar irakasle dagoz Dantzertin, Ekaitz Gonzalez Urretxuren zuzendaritzapean. Era berean, ibilbide profesional luzeko hiru artistak irakasleen lanari lagunduko deutsie: Karmele Aranburu aktorea, Jon Ugarriza jantzari eta koreografoa eta Iratxe Ansa jantzaria izango dira.