Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egin dabe Haur Literatur Aretoa webgunearen aurkezpena, eragile askotako ordezkarien aurrean. Bi eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxuen artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, edade horretakoentzako proposamen literarioen bildumea dakar webguneak. Guraso eta hezitzaileentzako be interesgarria da hor batutako materiala. Tresna osogarria izango da Haur Literatura Aretoak urtean zehar eskaintzen dituan ekintzetarako. Webgunea Berbaro euskera alkarteak ipini dau martxan.
Plateruenan eguazten iluntzean egindako aurkezpenean, Mireia Delgado eta Nagore Txintxurreta artistek parte hartu eben. Berbak eta marrazkiak erabilita, modu berezi eta erakargarri baten ipuin bat kontau eutsien bertara batutako guztiei. Ondoren, Berbaro alkarteko arduradunek webgune barriaren nondik norakoak azaldu zituen eta lantresna barriak eskaintzen dituan aukerak aztertzeko deia egin eben.
Funtsean, ume eta gaztetxuentzako literaturearen biltegia da Haur Literatura Aretoaren webgunea. Bi eta 16 urte bitarteko ume eta gazteentzat aproposak izan leitekezan liburuen erreferentziak dagoz, edadearen arabera banatuta eta ordenauta. Bilaketak egiteko modua eskaintzen dau, autoreen, argitaletxearen edo prezioaren arabera.
Era berean, aurreko urteetako irakur-gidak pdf formatuan jaso ditue eta webgunean konsultau leitekez. Agendea be badakar webguneak, Durangaldeko hitzorduakaz. Hori gitxi ez eta gai zehatzak lantzeko dokumentazinoa batzeari ekin deutsie webgunean bertan. Esate baterako, umeen bildurrei aurre egiten laguntzeko materiala batzen dan atala dago, edo idazleakaz topaketak egin izan diraneko materiala, besteak beste. Testuak, argazkiak eta bideoak dagoz baliabide horreen artean.
Haur Literatura Aretoan urte osoan ibilten dira irakurteko zaletasuna umeengan zabaltzen. Edade bakotxerako egokituta eta formatu ugari erabilita, ipuin kontalariak, istorio antzeztuak, antzerkia, 'Liburu erraldoia' ekimena, erakusketak eta abar antolatzen ditue. Horreen danen barri jaso leiteke webgunean.
Haur Literatura Aretoaren helburuak honakoak dira: Durangoko ume eta gazteen artean eskereren erabilerea eta literatur zaletasuna bultzatzea; gaztetxuek literaturearen munduan modu aktiboan parte hartzea; Durangoko Azokak sortzen dauen interesetik abiauta bilduma barriak ume, guraso eta hezitzaileei hurreratzea; irakurketa eta idazketari begira umeek daukiezan zalantzei erantzutea (adibidez, zelan egiten dan liburu bat edo argitaletxeen lana); eta teknologia barriek literaturan daukien erabilgarritasuna azaltzea. Urte guztian antolatzen ditu ekintzak Haur Literatura Aretoak eta aitagarria da Durangoko Azokaren barruan Saguganbara txokoa dinamizetan egiten dauen ahalegina.