Aurten hamabosgarrenez bat egin dau Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldiakaz. Beste lekuan lekuko erakunde eta eragile batzukaz alkarlanean, egitarau potoloa preparau dabe datozan asteetarako, Bizkaiko ondarearen balioa gizarteratzeko asmoz. Aurtengo gai nagusia burdina izango da, herrialdean jarduera ekonomiko handia sortu dauen metala, horrek ondarean eta gizartean dakarren eraginagaz. 60 udalerri baino gehiagotan egingo dira ekintzak, danak dobakoak.
Udagoienean, kultura arloko hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtu dira Ondarearen Europako Jardunaldiak, Foru Aldundiko arduradunek gaur adierazo dabenez. Bizkaiko ondareari beste ikuspuntu batetik begituten laguntzen dabe, azaldu dau Lorea Bilbao kultura diputaduak. Udalek, kultur etxeek, turismo bulegoek, alkarteek, museoek eta, orokorrean, herritarrek egiten daben ahalegina azpimarratu dau Bilbaok, jardunaldietako ekitaldiak antolatu ahal izateko ezinbestekoa dalako alkarlana. Aurten, 64 udalerritara helduko dira 200 jarduera baino gehiago. Horretarako, 40 erakunde publiko eta pribaduk bat egin dabe.
Europako Kontseiluak 'Industria eta teknologia ondarea' gaia proponidu dau aurtengo jardunaldietarako. Bizkaian, gai horri segiduta, burdinearen inguruan eratu ditue aurtengo ekintzak. Burdina subjektu eta objektu izan da gure lurraldearen aberastasunean, garapenean, eta denporearen joanak kultur ondare bihurtu dau, Foru Aldundiak dinoanez. Holan, programautako ekintzek 2.000 urte baino gehiagoko denpora tartea hartzen dabe. Burdin Aroko herritxuetatik hasi eta gaur egunera arte.
Jardunaldietako egitarauak urri oso-osoa hartuko dau, 1ean hasi eta 31ra arte. Berbaldiak, erakusketak, bisitaldiak, tailerrak eta abar programau ditue. Edade guztietako personek parte hartu ahal izango dabe. Gai nagusia burdinea danez, burdingintzearen arloko azpiegitura ikusgarriak bisitau ahal izango dira, haizeolak, labe garaiak eta beste. Jauregi ederrak, beharginen bizi-baldintza gogorrak, antxinako herriak eta bertan behera itxitako meategiak be ezagutu ahal izango dira.
Egitarau osoa, hemen.