Artista ezagunak protagonista Bilbao Flamenco 2015 jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 24a, 00:00

Urriaren 1etik 9ra bitartean egingo dabe Bizkaiko uriburuan jaialdi hori. Antonio Gades, Andaluziako Ballet Flamenkoa eta flamenkoaren munduan ezagunak diran beste artista batzuen emonaldiak egongo dira Bilbon. Ganera, Camaron de la Isla zanaren ibilbidea azalduko dabe berbaldi baten. Bilbao  700 Fundazinoa da jaialdiaren antolatzailea.

Urriaren 1ean, egitarauari ekiteko, Manuel Parrilla gitarrajoleak kontzertua eskainiko dau. Andaluziako artista ospetsuen alboan ibilbide luzea bete eta gero, bakarkako lehenengo diskoa atara dau Parrillak eta berau aurkeztuko dau Bilbon. Urriaren 2an, Carmen Linares abeslariak errezitaldia eskainiko dau. Cantaor honek 40 urteko ibilbidea dauka.

Bilbao Flamencoko hitzordu aitagarrienetako bat urriaren 3koa izango da. Antonio Gadesek sortutako konpainiak Fuego ikuskizuna eskainiko dau, Manuel de Fallaren idazki baten oinarritutako emonaldia. 1989an estreinautako obrea da, munduko herrialde askotan arrakastea euki dauena. Flamenkoa ez eze, beste kantaera herrikoi batzuk be entzun leitekez Fuegon.

Jaialdiaren hurrengo hitzordua urriaren 7an izango da, Dolores Montoya Rodriguezen kontzertuagaz. Flamenko Barria izeneko korrontearen butlzatzaileetako bat da bera. Urriaren 8an Reunion flamenca dalako ikuskizuna egongo da, Gerardo Nuñez gitarrajolearen eta Carmen Cortes jantzariaren eskutik. Amaitzeko, hilaren 9an, Andaluziako Ballet Flamenkoaren txandea izango da. Imagenes izeneko ikuskizuna eskainiko dau konpainia horrek.

Jarduera osogarri legez, Camaron de la Islari buruzko berbaldia emongo dau Ricardo Pachon adituak, bideoz eta audioz lagunduta. Urriaren 6an izango da hori.

Bilbao Flamenco jaialdiko ekitaldi guztiak Bilboko Campos antzokian izango dira iluntzeko 20:00etan. Ikuskizun guztietara sartu ahal izateko bonua atara dabe, 55 euroan. Bonua zein sarrera solteak salgai dagoz, Campos antzokian, Bilbao 700 Fundazinoaren egoitzan eta Kutxabankeko kutxazainetan.

Osorik irakurri