Develop Film Market ikus-entzunezko merkaduari buruzko topaketea urrian Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 25a, 00:00

Mondragon korporazinoagaz lotutako Bilbao Berrikuntza Faktoriak antolatu dau lehenengo aldiz profesionalentzako topaketa hori, Eiken klusterraren laguntzinoagaz. Bilbon egingo dabe urriaren 2an, goizeko 10:00etan Dock Gunean (Uribitarte kalean). Bertan, Euskal Herriko zinemagintzearen eta ikus-entzunezkoen munduko eragileek parte hartu ahal izango dabe. Antolatzaileek azaldu dabenez, topaketa hori urtean lautan egiteko asmoa daukie, filmen eta ikus-entzunezkoen merkadu sendoa sortzeko helburuagaz.

Develop Film Market topaketa edegia eta librea da, sektorean dabilen edonork parte hartu leike. Izena emotea dobakoa da. Ikus-entzunezkoen arloan dabilzan alkarte, enpresa eta erakundeak batu nahi ditue, danen arteko adostasunak topau eta alkarlana bultzatzeko.

Bilbao Berrikuntza Faktoriak azaldu dauenez, helburua da, kooperazinorako sarea sortzea eta eragileen arteko trukea sendotzea, baliabide eta ezagutzak sektore guztira zabaltzeko. Aurrekontu handiko produkzino zinematografikoen eta ikus-entzunezko proiektu apalen arteko aldea txikitu nahi dabe eta talentu barriei aukerak emon. Euskal Herrian ikus-entzunezko edukien eta filmen merkadua indartzera bideratuta dagoz horreek asmo guztiak.

Develop Film Market topaketea lehenengoz egingo da urriaren 2an. Halandabe, urtean lautan, hau da, hiruhileko guztietan, antzeko topaketak egitea da aurrera begirako asmoa. Era berean, ikus-entzunezkoen arloko mikroenpresa, autonomo eta industria txikiari laguntzeko, jarduera osogarriak eratuko ditue. Lan sare egonkorra sortzea be espero dabe.

Osorik irakurri