Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako Plataformeak IV. Nazinoarteko Ekintza Gure gorputzak, gure lurraldeak ospatuko dau aurten, munduko emakumeen mobimentuak bereganatzen dituan burruka feministak ikustarazoteko.
Irailaren 28tik urriaren 4ra Karabana Feministea Euskal Herritik pasauko da eta herririk herri makinatxu bat ekitaldi antolatu dira emakumeek bizi dituen indarkeria forma anitzak azaldu eta salatzeko. Era berean, emakumeak sistema kapitalista, patriarkal, arrazista eta heteronormatibo honi aurre egiteko dagoeneko eregiten dagozan alternatibak sustatu eta ikusarazoko ditue eta munduari erakutsiko jako zelan egiten dagozan erresistentzia.
Europa ia osoa zeharkatu ostean, irailean Emakumeen Mundu Martxea Euskal Herrian izango da. Martian hasi eban bere ibilaldia Kurdistandik abiatuta eta irailaren 28an harrera beroa egingo jako Euskal Herrian. Hain zuzen, urriaren 4a bitartean, hainbat txoko eta herri zeharkatuko ditu, aldarrikapenez beterik helduko dan karabaneak.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformeak azken urtea buru-belarri igaro dau karabanea heltzen danerako prestaketetan, eta herri eta eskualdeetan prest dagoz datorren udagoienean gure burruka, aldarrikapen eta eskubideak plazaratzeko. Izan be, karabanearen helduerea ekimen berezia da, Europako hainbat eta hainbat herrialderi testigua hartuko deutsagulako. Emakumeen Mundu Martxeak indar handia izan dau munduan zein Euskal Herri mailan bere ibilbidea 2000. urtean hasi ebanetik.
Azken urte honetan hainbat lan egin dogu, hain zuzen EHEMMrentzat garrantzitsuak ziran gaiak identifikau, adostu eta lantzeko asmoz, eta jakina, karabana heldu bitartean hainbat lan egin dogu, berbaldi, asanblada eta topaketa desbardinetan. Hain zuzen lau ardatzetan banatu doguz gure aldarrikapenak: 'Sistemarteko indarkeria', EMMren ardatz nagusienetako bat indarkeria izan dalako, eta EHn be gure egiteko nagusietako bat indarkeria sexisteari aurre egitea izan dalako; 'Bizitearen iraunkortasuna', argi dogulako krisia deitzen deutsien honetan emakumeok jasoten dogun indarkeria eta prekariedadea handiagoa dala, eta alternatibak be baditugulako; 'Gorputzak eta sexualidadeak' lantzen doguz, hain zuzen, badakigulako gure gorputzetan inskribiduten dirala esanahi eta indarkeria asko, baina badakigulako baita be gure gorputzak eraldaketarako arma be badirala eta, esangura horretan, lesbianismoaz zein transexualidadeaz berba egingo dogu; eta 'Sarean lan egitea eta aniztasuna kudeatzea', argi dogulako helburu nagusienetako bat emakume eta feministak saretu eta batzea dala, indargunea dala hau bera, eta espazio edegi eta anitza izatea nahi dogula.
Lan arlo horreek zabalak eta anitzak dira, plataformearen izaera bera islatu nahi dabelako. Izan be, EHEMMko plataformea hainbat talde, eragile, sindikatu eta GKE-k osotzen dabe, eta berebiziko garrantzia izan dau prozesu luze honetan horreek guztiak batzeak.
Jakina, parte-hartzea herri, auzo eta eskualdeetan hasten da, horregaitik azken hileotan atxikimendu kanpainan buru-belarri ibili gara, babesa emoten deuskuen eragile zein martxea pasauko dan herrien babesa jasoten. EMMren oinarrietako bat elikadura subiranotasuna da, eta holan, landaketa sinboliko baten bidez, hamarnaka eragile zein herrik euren aldarrikapenak landatu ditue babesa emoteko.
Kontuak kontu, EMMri babesa adierazoteaz gan, erakutsi ahal izan dogu Euskal Herrian izugarrizko sarea garela, eta zelan ez, martxea heldu aurretik indarra erakusten dauela. Beraz, norbanako zein kolektiboen atxikimenduen mapa oparoa batu dogu eta batzen jarraituko dogu. Hori baita oinarria, herrietan antolatu eta tokian tokiko behar eta aldarrikapenak jasotea.
Izan be, irailaren 28an Tafallatik martxea sartzen dan momentuan, egunean 3-4 herri edota geldialdi egingo ditu, eta horreetan ekimen eta harrera desbardinak antolatu dira.
Bestalde, norberaren herrietan parte hartzeaz gan, urriaren 4an Bilbon egingo dan ekitaldi nagusirako deia be hortxe dago, Euskal Herri osoa gurutzatu ostean, eta herriz herri haziak jaso ostean, Galiziara testigua pasau aurretik egun osoko egitaraua izango dalako.