Urriaren 1etik 4ra, Aitzol Aramaio zinemagilearen (Ondarroa, Bizkaia, 1971-2011) omenezko III. Marabilli Sormen Festibalean, besteak beste, Montxo Armendariz eta Asier Altuna zinemagileen arteko alkarrizketea eta Jon Egañaren Itzulerarik gabeko bidaia dokumentalaren proiekzinoa zein Gatibu, Strombers eta We Are Standard taldeen kontzertuak izango dira.
Marabilli Sormen Festibala Aitzol Aramaio zanaren indarragaz jaiotako egitasmo bat da eta helburua hainbat artista Ondarroan batzea da asmoa, idazleak, musikariak, zinemagileak, antzerkilariak, artista plastikoak, diseinatzaileak... Eta dana haren betiko lagunek antolatua.
Txomin L. Aramaiori eskatu deutsaguz azalpen guztiak eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:
1.- Marabilli Festibala hainbat diziplinaren arteko topaketea da baina zinemeak eta musikeak berebiziko garrantzia dabe, horrexek maite zitualako Aitzolek... Zelan definiduko zeunke Marabilli Festibala?
Ez da galdera erraza. Aitzolen omenezko jaialdia da eta Aitzol zeozer bazan sortzailea zan; Marabilli sormen festibala da izatez, izenburuak adierazoten dauen lez eta, beraz, ahalegintzen gara, Aitzol mobiduten zan eta gustoko zituan arlo edo diziplina guztietako egitaraua osotzen. Baina egia da zinemeak eta musikeak hartzen dabela indar gehien edo, zinemea gehiago baina musikea be Aitzolen pasinoa zan.
2.- 2012. urtean lehenengo edizinoa egin ostean, 2013an, urte birik behin antolatzea erabagi zenduen. Zergaitik?
Antolakuntza taldean gabilzanok borondatez hartzen dogu hau guztia, gure ohiko beharrotatik aparte eta lau egunetan horrenbeste ekintza aurrera ataratea lan handia da, gure gogoeten artean, jarduera osoan, pare bat hilebeterako beharra aurreikusi genduan persona batentzako baina aukera hori bertan behera itxi eta geure burua erre aurretik, urte birik behin egitea pentsau genduan, gauzak ondo eta patxadaz egin ahal izateko.
3.- Aurreko edizinoetan, herritarren parte-hartzeagaz eta erantzunagaz harrituta, aurten be ez da gitxiagorako izango eta, oso oker ez bagagoz, ekitaldi batzuetarako sarrerak agortuta dagoz dagoeneko. Espero zenduen holako erantzunik?
Bueno. Oso pozik gagoz, lehenengo edizino bietan lortu dalako Ondarroan herritarren artean behintzat kultura giro indartsua sortzea. Lau egun dira baina makinatxu bat ekitaldi eta horreetako batzuk egun eta ordu berean, ganera. Aretoetan zein kalean dira ekitaldiak eta batzuk doban. Aurreko edizinoetan, jaialdiko egunetan jentea batetik bestera, ekitalditik ekitaldira ikusten genduan, eta hori oso pozgarria da guretzako.
Sarrerak agortzearena be deigarria eta pozgarria da, antolatutako jarduerak jentearen gustokoak dirala adierazoten dauelako. Bitxia be bada kontua ze urtean zehar antzeko ekitaldiak antolatu arren, jente gitxiago hurreratzen da, Marabillik aparteko erakarpen indarra dauka. Honezkero, hiru ekitalditarako sarrerak agortuta dagoz, kontzertua baino aste bi lehenago Gatibu eta Stronbers talde katalanaren kontzerturako sarrerarik ez dago, Ondarroako aktoreak protagonista izango dituan Nanoantzerkia 34an ekitaldirako sarrerak be agortu egin dira, ordubete eta erdian agortu ziran; eta bost minutuan agortu dira Vanesak zinemako efektu berezien ganean emongo dauen ikastarorako plazak, 24 baino ez ziran baina bost minutuan agortu dira.
Herritarren parte-hartzearen harian, pozagarria da geuk antolatzen doguzan ekitaldiez aparte, arte munduan edo arte eszenikoen munduan, zein musikearen arloan dabilen jentea oso aktibo agertu dala eta ekitaldi bat edo beste atondu izan dabela. Herritarren inplikazinoa sekulakoa izan da.
Jaso doguzan proposamenakaz eta buruan geunkazan idea guztiakaz astebeterako egitaraua antolatzeko beste geunkan baina neurria jartea beharrezkoa da.
4.- Herriko aktoreen eskutik, Nanoantzerkia 34an saioa zelakoa izango da?
Karle Beristain dabil hor saltsan. Bartzelona aldean be ibili zan sasoi batean antzerkia eta aktore ikasketak eta egiten eta aurrerago mundu hori laga arren, herrira bueltau zan eta Aitzolegaz lotura berezitxua eukan, izan be, Txokolate apur bat filman papel txiki bat egin eban. Karleren meritua izan da herrian antzerki munduan dabilzan, aktore profesional zein amateurrak batzea. Nanoantzerkia 34an saioan, hirunaka edo jarriko ditu eta sketx modukoak izango dira eskainiko dituenak. Aktore zerrendea luzea da eta danak dira herrikoak: Ana Elordi, Fede Badiola, Alain Lersundi, Nerea Gartzia, Ion Iñaki Artetxe, Aitor Artetxe, Ainhoa Etxebarria, Nahia Iparragirre, Naiara Arrizabalaga, Iban Lekunberri, Amaia Cabero, Garbiñe Aranbarri, Pedro Lasarte eta Xabat Lasarte.
5.- Aurten antolatu dozuezan ekitaldien artean, bateren bat nabarmenduko zunke?
Ez da erraza. Ni neu musika munduan ibili izan naz eta kontzertuetara joatea gustetan jat baina oraingoan kontzertuak aparte itxita, ekitadi berezi bat nabarmenduko deutsut: Hamar minutu izenburupean, Euskal Herriko eta kanpoko lagunak izango doguz, izen handiak (Pepe Múgica (bideoz), Jose Mari Agirretxe eta Porrotx, Joseba Sarrionandia (bideoz), Jose Pablo Arriaga, Uxue Alberdi, Jon Badiola eta Elena Irureta. Bakotxak hamar minutu izango ditu sormenaz berba egiteko.
Era berean, irailaren 25etik eta jaialdia amaitu bitartean, Aitzol Aramaiok 1995ean Bosnian ateratako argazkien erakusketea be badago Ondarroako erakusketa aretoan; Izar baten begirada… Bosnia 1995 izenburukoa da erakusketea.
Horrezaz aparte, musika arlora etorrita, besteak beste, Gatibu, Strombers, DJ Anabasa edota We Are Standard taldeen kontzertuak zein Amama filmaren aurkezpena be azpimarratu gura neukez, azken horretan zuzendaria eta aktoreak be gure artean izango diralako.
6.- Musikea be sano garrantzitsua izango da Marabili Festibalean, Aitzolek berak musikea maite ebalako eta Kepa Junkera, Berri Txarrak, PLT eta Mikel Urdangarinen bideoklipak be egin zitualako. Ze musika entzuten eban Aitzolek?
Danetarik apur bat baina baeukazan batzuk oso gogokoak, benetan maite zituanak, berbarako, Manu Chao, Hertzainak eta Berri Txarrak. Musikazale handia zan, batez be, EITBn lanean egon zanetik, talde askogaz hartu-emonak egin zituan eta esan dozun lez, bideoklipak be egin izan ditu.
Bidebatez, aurtengo ekitaldirako bideoklipa be polito geratu dala uste dot.
Ni neu zortzi bat uretan egon naz Ondarroako Kafe Antzokiko programatzaile lanetan eta Aitzol Ondarroan egoanean, normala zan kontzertuetara joatea, zuzenekoetarako zaletasun handia eukan.
7.- Aurten herriko areto gehiago erabiliko dozuez ekitaldiotarako baina kalean be izango dira gauzak, ezta?
Bai. Jaialdia herri guztira zabaltzeko asmoagaz, beste urte batzuetan baino gehiago zabaldu dogu aretoen sarea edo. Gauza asko Beikozinin egingo dira, Portuko ranpan be bai baina aurten lehenengoz bai gaztetxean eta bai 34 diskotekan be programau doguz ekitaldiak.
Asteburu pasa ederra egiteko modua eskaintzen dogu, Festibala ez eze, paseorako eta beste jarduera batzuetarako aukerea be badagoalako Ondarroan; danak zagoze konbidauta.
8.- Aitzol Aramaio zinemagile eta gidoilaria 1971n jaio zan Ondarroan. Ikus-entzunezko ikasketak egin zituan EHUn, eta 2002an Terminal film laburra estreinau eban. Zuzendu eban film luze bakarra, ostera, Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarritutako Txokolate apur bat izan zan, 2008an, Héctor Alterio, Daniel Brühl eta Barbara Goenaga tartean zirala. Zinema arloan zelako oihartzuna izan eban Aitzolen lanak?
Euskal zinema munduan oso maitatua da. Asier Altuna, berbarako, urtero etorten jaku Ondarroara laguntzera eta aurten Amama pelikulea aurkezten izango dogu aktore taldeagaz batera. Montxo Armendarizi be alkarrizketatxua egingo deutso.
9.- Bixitxi marabilli re Aitzolen esaera horretatik hartu zenduen Festibalaren izena. Esaera ederra, jarrera bat laburbatzen dauena...
Holantxik da. Jarrera positiboa, poztasuna borborka dakarrena. Aitzolek 'rollo ona' transmitiduten eban eta geure partetik be horixe transmitidu gura deutsagu jenteari.
10.- Marabilliren antolakuntzan Aitzolen lagunak eta zabizie, Aramaiotarrak, Uribetarrak... Baina nortzuk dira Manuelistak?
Gu danok... Ondarroan Manuel izeneko lagun bat dago, 60 ta piku urte edo izango ditu baina musika bandearen aurretik eta ibilten da, jaizale handia da eta saltsa guztietan topauko dozu. Aitzolek aspaldi esaten eban gu ez gara ez dakit nongoak edo bestekoak, gu Manuelistak gara, gure dotrinea izango da inozentzia ez galtzea sekula, alai ibiltea kalerik kale bolanderak botaten. Bizitea ikusteko modu edo jarrera bat azpimarratu gura eban eta gu danok golpera identifikau ginan horregaz eta ahalegintzen gara jarrera positiboari eusten beti.