Urriaren 2an aurkeztuko dau 2ZIO taldeak disko barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 29a, 00:00

Rap erako musikea egiten dabil 2ZIO hirukotea 2010etik eta euren ibilbidean beste pausu bat egin dabe orain. Bideak izeneko diskoa plazaratu dabe eta urriaren 2an, barikua, aurkeztuko dabe Donibane Lohizuneko kontzertuan. Gero, Donapaleu, Bilbo, Iruñea, Tolosa eta beste leku askotan joko dabe. Euskerea eta rapa buztartzea da euren helburu nagusia.

Orain dala urte bi Pausuz pausu diskoa argitaratu eban 2ZIOk, hori izan zan 2010ean hasitako lanaren lehenengo emoitzea. Euskal rapari aniztasuna ekarri eutsan disko horrek, estilo iluna eta aldarrikapena batuta. Harrezkero, Euskal Herri guztian kontzertuak emoten ibili dira, baina sormena albo batera itxi barik.

Bideak diskoan, taldearen eta taldekideen sentipen sakonak batu ditue. Norbere barrura egindako biaje horretan, gizarte kritikea ez dabe alboratu eta gaurkotasunari begirik ez deutsie kendu. Ganera, heriotzea edo bizitzea lako gai existentzialak be sartu ditue kanta batzuetan. Guztira, 16 abesti sartu ditu 2ZIOk bigarren diskoan.

Gorka, Odei eta Jo taldekideek sentidu, bizi, salatu eta maite dabenaren emoitzea da 2ZIO. Ilusinoa, rapa eta euskerea buztartzen dituela dinoe eurek. Alderdi geografikotik be, jatorri ugaritako kideak daukaz 2ZIOk. Odei (Urruña) eta Jo (Ziburu) lapurtarrak dira eta taldeak han dauka oinarria. Gorka, aldiz, bizkaitarra da, Algortakoa.

Musikeari jagokonez, taldeak argi-ilunez betetako doinuak dakarz. Hirukotearen estiloaren oinarri diran melodia ilunak albo batera itxi barik, kanta bakotxaren izakereari begiratu deutsie eta, hortaz, estilo aldetik disko aberatsagoa sortu dabe oraingoan.

Bideak diskoa kalean dala, kontzerturik kontzertu lan barria aurkezteko tartea hartuko dau orain 2ZIOk. Lehenengo emonaldia Donibane Lohizune eta Ziburuko Gaztetxean izango da, urriaren 2an. Doinu barriak zuzenean zelakoak diran ezagutzeko modua eukiko dabe zaleek orduan. Urriaren 9an, Donapaleuko Aldaka Gaztetxean segiduko dabe bireagaz, eta urriaren 15ean Bizkaira etorriko dira. Bilboko Kafe Antzokian joko dabe egun horretan. Getariko plazan (urriak 24), Azpeitiko gaztetxean (urriak 31), Iruñeko Zentral aretoan (zemendiak 5), Donaixtin (zemendiak 14), Oñatiko gaztetxean (zemendiak 27) eta Tolosako Bonberenean (zemendiak 28) be joko dabe.

Osorik irakurri