Aurten lehenengoz antolatuko dabe Mareak jaialdia Bermeon, urriaren 9tik 14ra. Batez be, kontzertu musikalak dagoz egitarauan, baina bestelako ekintzak be programau ditue, esate baterako, ipuin kontalariak eta proiekzinoak. Guztira, sei ekitaldi. Bermeoko areto, kulturgune eta museoetan izango dira ikuskizunak eta kontzertuetako bat Aita Guria baleontzian izango da.
Antolatzaileek dinoenez, abangoardia eta tradizinoa buztartu nahi ditue Mareak jaialdian. Udagoienak dakarren ziklo aldaketea aprobetxauta, udako kontzertu erraldoi eta korporatiboak atzean itxi nahi ditue eta beste era bateko jaialdia proponidu. Publikoari une magikoez disfrutetako modua emon nahi deutsie. Aurtengo lehenengo ekitaldiaren ostean, hurrengo urteetan segidutea da asmoa, kulturearen arloan hitzordu nabarmen bihurtu leitekelakoan.
Urriaren 9an hasiko da jaialdia, Mmatarrak proiektuaren emonaldiagaz. Euskal egileen testuetan dauka oinarria ikuskizunak eta berbak, ahotsa eta soinua buztartzen ditu. Mmatarraken emonaldi berezi horretarako, eszenatoki berezia aukeratu dabe antolatzaileek, Aita Guria baleontzia hain zuzen. Iluntzeko 19:30ean hasiko da saioa.
Urriaren 10ean, zapatua, Javier Corcobadok eta Aintzane Aranguenak ikus-entzunezko emonaldi bat eskainiko dabe, Nestor Basterretxea aretoan, 20:30ean. Amodiozko abesti batentzako poemak izeneko ikuskizunean, soinuak, poemak eta ikus-entzunezko piezak batzen ditue Corcobadok eta Aranguenak.
Urriaren 11n, Charo Pita eta Clara Pinoren eskutik, Ilunabar atlantikoa, lur berdeetako kantak eta ipuinak ikuskizuna eroango dabe Arrantzaleen Museora, 12:30ean. Helduentzako ipuinak dira emonaldiaren ardatza. Urriaren 12an The preacher dokumentala emongo dabe Beleza Malandra Ateneoan, 19:30ean. Eugene Edwards musikariari buruzko filma da.
Urriaren 13an, Beleza Malandran bertan, 20:30ean, Cult of Youth taldearen kontzertua egongo da. Punka, psikodelia eta folka nahastauten ditu talde amerikar horrek. Mareak jaialdia amaitzeko, urriaren 14an, beste kontzertu bat izango da, kasu horretan Nestor Basterretxea aretoan, 20:30ean. Harlan T Bobok joko dau. Hau be Estadu Batuetatik dator.
Bermeoko Mareak jaialdia Beleza Malandra Ateneo Kulturalak, Bermeoko Udalak eta Arrantzaleen Museoak antolatzen dabe. Jaialdi guztiko ekitaldietarako bonua 10 euroan salduko da eta, bestela, ekitaldi bakotxeko prezioa 3 eurokoa izango da, dokumentalaren proiekzinoa izan ezik (hori doban da).