Datorren urtean 400 urte datoz William Shakespeare idazle ingeles ezaguna hil zala. Efemeridea aprobetxauta, Bilboko Arriaga Antzokiak antzezlan berezi bat eroango dau oholtzara apirilean, 2016ko udabarriko programazinoko hitzordurik garrantzitsuenetako bat izan daiten. Hain zuzen be, Uda gau bateko ametsa, Shakespeareren lan ospetsuenetako bat antzeztuko dabe, baina hiru hizkuntzatan: Ingelesez, gaztelaniaz eta euskeraz. Pablo Viar da moldaketa horren zuzendaria.
Arriaga Antzokiko arduradunek adierazo dabenez, produkzino propioaren aldeko apustua egiten segiduko dabe eta horren erakusgarri da Uda gau bateko ametsa obrea. Zortzi emonaldi egongo dira, apirilaren 6, 7, 8, 9, 13, 14, 15 eta 16an. Produkzino handia da, denporaldiko indartsuena, Arriagako arduradunek ziurtau dabenez. Barrikuntzearen alde egin da, Shakespeareren testu klasiko bati erakargarritasun handiagoa emoteko.
Hasikera baten, euskerazko eta gaztelaniazko bersino bana egitea pentsau zan baina Pablo Viar zuzendariari berari otu jakon hizkuntza biak nahastau eta obra bakarra egitea. Holan, euskerazko eta gaztelaniazko testuak entzun ahal izango dira eta ingelesezko pasarte batzuk tartekatuko ditue. Halandabe, ikusleek ez dabe ezelako arazorik eukiko ulertzeko, testu guztiak euskeraz eta gaztelaniaz azpititulauta egongo diralako.
Pablo Viarren zuzendaritzapean, aktore talde zabal bat agertuko da oholtzan. Itziar Lazkano, Gurutze Beitia, Mikel Losada, Lander Otaola, Ylenia Baglietto, Itxaso Quintana, Aritza Rodriguez, Iñaki Maruri, Karmele Larrinaga, Mitxel Santamarina, Eneritz Artetxe, Kike Gago, Sara Barroeta, Itziar Fragua, Aiora Sedano eta Maria Urzelai batu jakoz proiektuari.
William Shakespeare 1564an jaio zan Ingalaterrako Stratford-upon-Avon herrian. Literatura ingeleseko idazlerik garrantzitsuentzat hartzen da eta haren lan askok nazinoarteko oihartzuna lortu dabe. 1595ean idatzi eban Uda gau bateko ametsa (A midsummer night´s dream, jatorrizkoan). San Joan gauean kokatuta dagoan komedia da.