Euskal doinuak Bartzelonara eroaten dituan ekimenak 18. edizinoa beteko dau aurten. Urriaren 30etik zemendiaren 27ra egingo dabe EH Sona jaialdia. Bertoko musika-talde eta bakarlariak ez eze, euskal gastronomia eta ohiturak be eroango ditue Kataluniara. Besteak beste, Oskorri egongo da EH Sonan, despedidako birearen barruan.
Hain zuzen be, jaialdiko lehenengo egunean joko dau Oskorrik. Lau hamarkadako ibilbide oparoa amaitzear dago taldea eta 'Hau da despedidia!' birearen barruan, Bartzelonara osteratxua egitea erabagi dabe. Holan, urriaren 30ean C.A.T. kultur gunean joko dabe. Biharamunean, urriaren 31n, EH Sonak trikipoteoa antolatu dau Bartzelonako Euskal Etxearen inguruetan.
Izen handiko beste euskal artista asko be Bartzelonan izango dira, EH Sonaren atxakian. Esate baterako, zemendiaren 6an, Passeig del Born pasealekuan joko dau Libek, Ihesaldi handia bakarkako diskoan batutako doinuak erakusteko. Zemendiaren 13an, Joseba B. Lenoirren txandea izango da, Euskal Etxean. 14an, Munlet (Txo!) bandak joko dau, leku berean. Zemendiaren 14an bertan, baina Razzmatazz 3 aretoan, Larregi eta Governors taldeek joko dabe.
Zemendiaren 20an eta 21ean Euskal Etxeak hartuko ditu EH Sonako proposamen musikalak. 20an Jabier Muguruza izango da han eta, biharamunean, Korrontzi folk taldearen txandea izango da. Hurrengo asteburuan amaituko da aurtengo jaialdia: Patrol Destroyers taldeak zemendiaren 27an joko dau Euskal Etxean eta, hilaren 28an, Anari egongo da Apolo aretoan.
Ekitaldi batzuk dobakoak dira (Libe eta Munletenak esate baterako). Ganerako kontzertuetarako ordaindu egin behar da eta EH Sonako arduradunek azaldu dabenez, zenbat eta lehenago erosi, sarrerak merkeagoak izango dira. Aldez aurreko salmentea Bartzelonako Euskal Etxean bertan egiten dabilz eta, kontzertuaren egunean bertan, aretoaren atean erosi ahal izango dira sarrerak.