Txorierriko Mankomunidadeko Euskera Zerbitzuak igaz ipini eban martxan lehenengoz lehiaketea, DBHko gazteei zuzenduta. Gazteen hizkuntza ohituretan eragin eta euskerea erabiltea bultzatu nahi dabe, motibazinoaren eta parte-hartze ludikoaren bidez. Igaz arrakasta handia euki eban lehiaketeak: Ehun parte-hartzaile ibili ziran eta aurten kopuru hori bardindu edo gainditu nahi dabe. Urtarrilera arte egongo da martxan 'Lukie koiu'.
DBHko, hau da, 12 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu leikee lehiaketan. Bikoteka apuntau behar da, gurasoen baimenagaz. Lukie Koiu webgunean dagoz horretarako argibide guztiak. Urriaren 19ra arte emon leiteke izena. Lehiaketeak berak, hiru fase eukiko ditu, irailean hasi eta urtarrilera arte. Lehenengo probea, hain zuzen, izena emoteagaz batera egin beharko dabe gazteek: Euren burua aurkeztu, bideo baten bidez.
Bigarren fasean, internet bidezko bost probari aurre egin beharko deutsie lehiakideek. Argazki, bideo eta testuen bidez, Txorierriko ondarea, euskal kulturea, historia eta abar landuko ditue. Era berean, bideo bat preparau beharko dabe. Publikoak zein antolatzaileek botuak emon ahal izango ditue, faseko onenak aukeratzeko. Hiru talde pasauko dira hirugarren fasera, finalera.
Finala urtarrilaren 16an jokatuko da, Sondikako kultur etxean. Hiru taldeek proba ugari egingo ditue. Guztira, hiru finalisten artean, 1.200 euro banatuko dira, Txorierriko dendetan erosteko.
'Lukie koiu' lehiaketearen helburua, euskerearen erabilerea modu ludikoan bultzatzea da. Parte-hartzea ekimenaren oinarrian dagoanez, lehiakideek edo edozein gaztek bere iruzkinak argitaratu ahal izango ditue webgunean, argazkiak igon, lehiakideen arteko hartu-emona sortu ahal izango da eta abar. Aurtengo lehiaketarako probak antolatzeko orduan be, gazteen eretxia kontuan hartu da.