Donostiako Zinemaldiagaz batera, film laburren lehiaketea egin dau Kontseiluak irailean, 'Euskaraz bizi nahi dut' leloa gai nagusitzat hartuta. Irailaren 19an banatu ziran sariak eta lehiaketako pelikularik onenak herririk herri eroateko asmoa dauka UEMAk. Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko kide diran herriek film laburrak proiektau ahal izango ditue, doban. Zinema-aretoetan euskerazko zinemaren eskaintza urriari aurre egiteko neurria dala dinoe Kontseiluak eta UEMAk.
'Euskaraz bizi nahi dut' lehiaketako irabazlea Iker Azkoitiak zuzendutako Semeak izan da, profesionalen atalean. Amateurren arloan, ostera, Nire eguneroko hautuak filmak eroan dau lehenengo saria. Mattin Zeberiok zuzendu dau. Jon Garaño zuzendariak, Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendaritzako kideak eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak parte hartu dabe epaimahaian. Hiru sari banatu ditue profesionalen mailan eta beste horrenbeste amateurrenean.
Aurtengo lehiaketako film saritu guztiak eta aurreko edizinoetako beste batzuk ikusteko modua egongo da UEMAko kide diran herrietan. UEMAri berari eskaria egin eta kalidade oneko bideoa bialduko dabe eskaria egin dauen herrira. Aukera hori doban eukiko dabe udalerriok.
Film laburren lehiaketearen barri udalerri euskaldunen sarera zabaltzeko asmoz ipini dabe martxan filmen proiekzinoa. Euskerazko zinemagintzea zabaltzeko be balioko dauela uste dabe antolatzaileek. Ganera, zinema-aretoetan euskerazko filmen eskaintzea urria dan ezkero, hutsune hori beteteko aukerea ikusi dabe.