Gerediaga alkarteak 50. urteurrena ospatzen segiduten dau eta urrian hiru proposamen eroango ditu Durangoko Arte eta Historia Museora. Batetik, Durangaldeko mapei buruzko erakusketea egongo da ikusgai. Bestetik, 'Zuri-beltzean klik' argazki zaharren erakusketea eroango dabe museora. Amaitzeko, Merinaldeko historian sakontzeko berbaldi-zikloa eratu dabe.
'Durangaldeko kartografiak' izeneko erakusketan, Durangaldea mendeetan zehar mapen bidez zelan erakutsi dan ikusi leiteke. Maparik zaharrena 1606koa da eta barriena, 2005ekoa. Guztira, Ramon Oleagaren bilduma personaleko hogei mapa batu ditu Gerediagak. Mapa bakotxa testuinguruan agiri da.
Era berean, katalogoa argitaratu dabe erakusketako edukiakaz eta eskualdeko liburudendetan zein museoan bertan erosi leiteke, 5 euroan. 'Durangoko kartografiak' urriaren 2an zabalduko dabe. Inaugurazino ekitaldian (19:00), Ramon Oleaga mapen jaubeak azalpenak emongo ditu.
'Zuri-beltzean klik' erakusketea urri osoan egongo da Durangoko Arte eta Historia Museoan. Durangaldeko 333 argazki zahar batu ditue. Gerediagak azaldu dauenez, erakusketea omenaldia be bada. Izan be, historian zeharreko bidaiea egiten lagundu daben argazkilariei esker ona adierazo nahi deutsie. Dala erakusketak antolatzen, dala argazki zaharrak batu eta sailkatzen, Gerediagak beti euki dau lotura estua argazkigintzeagaz.
Gerediaga alkartearen 50. urteurreneko egitarauaren barruan, berbaldi-ziklo bategaz biribilduko dabe urriko plangintzea. 'Historia astintzen' izenburupean, lau berbaldi antolatu ditue, Durangaldeko historiaren inguruko zertzeladak emoteko. Urriaren 7an Belen Bengoetxeak arkeologiaz egingo dau berba. Urriaren 14an, J. Manuel Cembellinek Margarita Maturana hartuko dau ahotan. Hilaren 21ean Jose Luis Lizundia euskaltzain emerituak Errioxaren eta Durangaldearen arteko hartu-emona aztertuko dau. Amaitzeko, 28an, baserriaren garrantziaz jardungo dau Alberto Santanak. Berbaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.