Athletic Clubek 1983tik erabili dauen himnoaren letrea idatzi eban Antton Zubikaraik. Kazetaria, musika arloko irakaslea eta musika-kritikaria be bazan. 70 urtegaz hil da. Jose de Olaizola eta Feliciano Beobide dira Athleticen ereserkiaren musikearen egileak, Karmelo Bernaolaren moldaketakaz. Zubikaraik euskerazko letrea asmau eutsan doinu ospetsu horri.
Antton Zubikarai Ondarroan jao zan 1945ean. Herriko eskolan ikasi eban eta, ondoren, Derioko Seminarioan sartu zan, abade izateko asmoagaz. Bokazino hori baztertu eta Iruñera jo eban kazetaritzea ikasten. Behin lizentziaturea eskuratuta, Madrilen ibili zan beharrean. Musika eta jantza arloan formakuntzea jaso eban han. Bizkaiko hedabideetan be ibili zan beharrean.
Kazetari eta kritikari ez eze, musika-konpositore eta letragile izan zan Zubikarai. BOSentzat, ABAOrentzat, Ziortzako musika-jaialdirako, Musika Hamabostaldirako eta abar lanak idatzi zituan. Musika-irakasle be izan zan.
1983an idatzi eban Athleticen ereserki barrirako letrea. Aurreko himnoetako jokerea apurtuta, euskeraz idatzi eban letrea Zubikaraik. 1983ko martiaren 30ean, Bartzelonaren aurkako Kopako partidu baten estreinau eben ereserki barria San Mames futbol zelaian. Handik hilebetera, liga txapelketea irabazi eban Athleticek.
Talde zuri-gorriaren ereserkia egiteko, besteak beste, lehenagotik sortutako Aliron eta Altza Gaztiak doinuak erabili zituen Bernaola eta Zubikaraik, letra eta musika barriak sortzeko orduan. Holan, herri-gogoan ondo iltzatuta geratu dan ereserkia sortu eben. 1983tik Athleticen kanta ofiziala da. Athletic Clubek berak jakineragin dau Antton Zubikarai gaur, urriak 1, hil dala.