'Euskal literatura XX. mendean. 25 urte' erakusketea ipini dabe Euskaltzaindiaren egoitzan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 2a, 08:00

Jon Kortazarrek 1990ean argitaratu eban 20. mendeko euskal literatureari buruzko lan mardula eta horren 25. urteurrena gogoan hartu dau Euskaltzaindiak. Urriaren 2an hasita, Bilboko Plaza Barrian Akademiak daukan egoitzan erakusketea egongo da ikusgai. Kortazarren lanari buruzko erakusketea da.

1990ean gaztelaniaz publikau eban Kortazarrek Literatura vasca: siglo XX liburua eta 2000n, euskerazko itzulpena argitaratu zan (Euskal literatura XX. mendean). 25 urteko tartean, obra horren zazpi edizino plazaratu dira eta danen aleak ipini ditue erakusketan.

Euskal literatura XX. mendean: 25 urte erakusketan, edizino guztien aleak ez eze, Jon Kortazarren lanaren erakusgarri diran beste hainbat datu eta objektu batu dira. Lauaxetari buruz egin dituan ikerketak, argazkiak, itzulpenak, oroigarriak eta abar dagoz. Lauaxeta filma be ikusi leiteke. Erakusketea Mungian egon zan martian eta orain Bilbora heldu da, Euskaltzaindiaren egoitzara. EHUren, Kutxa Fundazioaren eta Mungiako eta Mundakako Udalen laguntzinoa euki dau Akademiak proiektu honetan.

Erakusketeagaz batera, bertako edukiak gordeteko eta hobeto ulertzen laguntzeko liburutxua preparau dabe. Besteak beste, Kirmen Uribek eta Xabier Etxanizek idatzitako artikulu bana jasoten dira argitalpen horretan. Gure letretan murgildurik izenburua dauka Etxanizen testuak eta Uriberenak, Kritikariaren eskua.

Jon Kortazar (Mundaka, 1955) irakasle, idazle eta euskaltzain urgazlea da. Literaturea ikertzen lan handia egin dau. 1980ko hamarkadatik, euskal idazle ugariren testuen analisiak argitaratu izan ditu eta, aitatutako moduan, Euskal literatura XX. mendean be idatzi eban. Mikel Zarate saiakera saria emon eutsien 1981ean. Ume zein helduentzako nobelak ditu idatzita eta EHUn euskal literaturako katedradun da.

Osorik irakurri