Orain dala hamarkada batzuetako umeen denporapasak, Bilboko Euskal Museoan

Ume eta nerabeen saileko objektuen funtsaren zati bat argitara ekarri dau Euskal Museoak, 'Kolore-lilurak' izenburuko erakusketa barrian. Paperezko altxor txikiak dira, 1900 eta 1975 urteen arteko ume eta gaztetxuek jolasteko erabilten zituenak: Kromoak, ebakinak, komikiak eta irudiak. Urtarrilaren 31ra arte ikusi ahal izango da erakusketea. Ganera, bisitaldi gidatuak eta tailerrak egongo dira.

'Kolore-lilurak' erakusketea zati bitan banatuta dago, areto banatan. 'Bazen behin...' izenekoan, gaztetxuentzako nobelak batu ditue, Emilio Salgari eta Jules Verne lako autoreen obrakaz. Ipuinen bilduma bat be erakusten da. Tartean dago Callejaren ipuinak saila, 1884tik aurrera arigtaratzen hasi zan ipuin-bildumea. 300 argitalpeneko bilduma hori oso arrakastatsua izan zan sasoi bateko umeen artean.

Areto horretan bertan, 20. mendearen hasiera eta erdialdeko komikiei be errepasoa egiten jake. Umeen artean arrakasta handiena euki eben argitalpenak batu dira. Gehienak erderaz dagoz, sasoi haretan ohikoena hori izaten zalako, baina 1966tik aurrerako Kili-kili euskerazko komikiaren aleak be badagoz ikusgai.

Erakusketako bigarren atalaren izenburua 'Jolastuko gara...?' da. Era guztietako denporapasak batu ditue hor, tartean, puzzleak, kromoak eta ebakigarriak. Bi partetan banatuta dagoz: Batetik, lauak eta, bestetik, bolumetrikoak. Soldadutxoak eta panpinak janzteko ebakigarriak dagoz lauen artean eta gaztelu edo itsasontzien formadun paperezko eraikuntzak bolumetrikoetan. Kromo-bilduma zabala be ikusgai dago Euskal Museoan. Baliotsuena, 1930. hamarkadako futboleko kromoen bat izan leiteke, zuri-baltzezkoa.

Areto bakotxean, pantaila batek informazino osogarria emoten dau. Ganera, hezkuntza eta astialdirako areto bat preparau dabe. Bertan, ume zein helduek era askotako denporapasakaz disfrutau ahal izango dabe. Euskal Museoko arduradunen esanetan, batzuentzat bidaia nostalgikoa izango da erakusketa hau. Beste batzuentzat, ostera, aurkikuntzea. Horren urrun ez dagoan sasoi bateko astialdia zelakoa zan erakustea da asmoa. Astialdiaren eta paperaren arteko loturea be aztertzen da. Bildumako objektu gehien-gehienak, museoak jasotako dohaintzak dira, edo ohiko kolaboratzaileek lagatakoak.

'Kolore-lilurak' urtarrilaren 31ra arte egongo da Euskal Museoan, Bilboko Unamuno plazatik sartuta. Nahi dauenak, bisitaldi gidatuetan parte hartu ahal izango dau, aurretiaz izena emonda. Tailerrak be antolatuko dituela aurreratu dau Euskal Museoak.

 

Osorik irakurri