Ikuspegi arkitektonikodun eskulturak Bilbao Arten, Iago Rey de la Fuenteren erakusketan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 2a, 00:00

'Matriz' izeneko erakusketea zabaldu dau Bilbao Arte fundazinoak, Bizkaiko uriburuko Urazurrutia kalean daukan egoitzan. Urriaren 23ra arte, Iago Rey de la Fuente zarauztarraren eskulturak ikusi ahal izango dira bertan. Bilbao Arteren artista egoiliarra izan zan Rey 2014an eta bere sorkuntza proiektuaren emoitzea da 'Matriz', fundazinoaren ekoizpen propioko erakusketea.

Erakusketako piezak eskulturatzat jo leitekezan arren, arkitektureagaz lotura estua daukie. Hartu-emonen eta sensibilidadeen ikuspegitik, interes handia dauka Iago Reyk eskultureagaz eta lotura hori nabarmena da erakusketan. Forma aldetik, esperimentazino handiko obrak dirala dino Bilbao Artek.

2014an ekin eutsan Reyk bere lanari Bilbao Arten. Hasiera baten, beste artisten eskulturak batzeko kaxak egiten zituan eta horreek kaxak be objektu artistikoak ziran. Erakusketea egiteko aukeratu ebenean, baina, zalantzea euki eban, autoreak berak azaldu dauenez: Kaxa gehiago aurkeztu ala beste proiektu esperimentalago baten sartu, horixe egin behar izan neban aukerea. Bigarren bidearen alde egin eban eta holan sortu da 'Matriz' erakusketea.

Egurra, burdina, igeltsua eta porlana erabili ditu Reyk bere eskulturak egiteko. Korapiloaren eta tolesturen kontzeptuak garrantzitsuak izan dira piezei formea emoteko orduan, artisteak azaldu dauenez. Eskulturak egiteko prozesuaz, hauxe adierazo dau: Niretzat interesgarriagoa da prozesua emoitzea baino, sorkuntza prozesuak emoten deustan guztia garrantzitsuagoa da.

'Matriz' erakusketea urriaren 23ra arte egongo da Bilbao Arten. Astelehenetik barikura egoten dira zabalik zentro horretako erakusketa-gelak. Doban sartu leiteke. Iago Reyren eskulturen ostean, Alessandra Torresen erakusketea ipiniko dabe han eta, urtea biribiltzeko, aurten erresidentzia Bilbao Arten egiten dabilzan 39 artisten lanak erakutsiko ditue.

Osorik irakurri