Bertsolaritzaren oinarriak ikastetxeetan zabaltzeko proiektu horrek 25 urte beteko ditu aurtengo ikasturtean. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak emondako datuaren arabera, 22.500 ikaslek parte hartuko dabe 'Gu ere bertsotan' egitasmoan 2015-16 kursoan. 44 irakasle ibiliko dira eskolarik eskola.
Nafarroan sortu zan eskola-orduen barruan bertsolaritzea irakasteko proiektua eta, urte askoan, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Sailak babestu dau. 25 urte joan dira egitasmoa abian ipini zanetik. Bizkaira hurrengo ikasturtean zabaldu zan. Gaur egun, Euskal Herriko lurralde guztietako ikastetxeak dagoz egitasmoan, izan be, ikastetxeek ez eze, udal batzuek be eskariak egin ditue bertsolaritza-klaseak euren herrira heltzeko. Ikastetxe publiko zein kontzertaduetara zabaldu da proiektua, 'Gu ere bertsotan' izenburupean.
Aurtengo ikasturtean, 22.500 ikasle inguruk landuko dabe bertsolaritzea eskola-orduetan. Bertsotarako zaletasuna sortzen jakenek, herriko edo auzoko bertso-eskolan izena emon ahal izango dabe. Eskolarteko txapelketan izena emoteko aukerea be izango dabe holan nahi dabenek. 'Gu ere bertsotan' proiektuan, Bertsozale Elkarteko 44 irakasle ibiliko dira ikastetxeetan klaseak emoten.
'Bertsolaritzaren curriculuma' dalakoa da proiektuaren oinarria. 'Gu ere bertsotan' izeneko ikasmateriala erabilten dabe klasean, 2011n Ixaka Lopez Mendizabal saria irabazi eban ikasmateriala hain zuzen. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emoten dau sari hori. Bertsozale Elkartearen asmoa da, datozan urteotan ikus-entzunezko material gehiago batu eta ikastetxeetan erabili ahal izateko moduan ipintea.