Kirol arloan daukan garrantziaz ganera, Gernikako Jai Alai eraikin nabarmena da arkitekturearen ikuspegitik be. Arkitekturearen Nazinoarteko Egunean bertan, Docomomo Fundazinoak errekonozimendua egin deutso zesta-puntearen katedralari eta Euskal Herriko Arkitektuen Alkargoak fundazinoak emondako oroigarria ipini dau frontoiko horman.
Jai Alai pelotalekua 1961 eta 1963. urteen artean diseinau eban Secundino Zuazo arkitektu bilbotarrak. Urtebetean eregi eben. 20. mendeko Bizkaiko arkitekturako pieza azpimarragarrienetako bat da. 2014an, frontoia zabaldu zaneko 50. urteurrenean, Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondasun kategoria emon eutsan. Era berean, kirol arloan be garrantzia handiko pelotalekua da Jai Alai. Gaur egun, zesta-puntearen erreferentziazko frontoia da Euskal Herrian.
2007tik, Jai Alai Docomomo Fundazinoaren sarearen parte da. 1990ean sortutako nazinoarteko fundazino horren helburua da, mobimentu modernoetako ondare arkitektonikoa zerrendatzea eta eraikin horreei balioa emotea. Oraingo honetan, errekonozimendu espezifikoa egin deutse Jai Alairi. Docomomok berak emondako plakea ipini dabe pelotalekuko horman, Euskal Herriko Arkitektuen Alkargoak eratutako ekitaldian. Gernika-Lumoko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak egon dira ekitaldian. Hain zuzen be, urriko lehenengo astelehenean Arkitekturearen Nazinoarteko Eguna da.