II. Araba Encounter, urriaren 10etik 12ra Iradier Arenan

Urriaren 10 eta 12 bitartean Gasteizen egingo dan II. Araba Encounter topaketan igaz baino 10 aldiz abiadura handiagoa izango da, 10Gb-eko konekzino abiaduran nabigau ahal izango dabelako parte-hartzaileek Euskaltelen banda zabalari esker.

Informatikearen eta teknologia barrien zaleek 6 minutuan erreserbatu ditue topaketa honetako 454 ordenagailu-postuak, igaz baino nabarmen azkarrago, 37 minutu iraun baitzituan izen-emoteak. Partaideen kopurua, eguneko sarrerak dituenak eta prestakuntza-ekintza desbardinetan izena emon dabenak zenbatuz, 600 personatik gorakoa da.

Araba Encounter topaketea euskal informatika-jaien sarearen barruan dago Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter ekimenakaz batera. Barakaldoko BECen antolatzen dan Euskal Encounterrek 23 urte bete ditu aurten, eta 6.000 lagun baino gehiago batzen ditu urtero.

Iradier Arenan bat egingo daben partaideek ekintza moltso handia ez eze, ezagutzak konpartidu ahal izango ditue 72 orduz jarraian. Arte digital, bideo-joko, software libre eta hardware arloetan lehiatzeko aukerea be izango dabe eta, horrezaz gan, Iradierren lo egiteko lekua izango dabe, kanpin-dendak ezartzeko egokitutako eremu batean.

Araba Encounterren barruan, publikoari edegitako gunea be egongo da, Opengunea, eta bertan tailerrak, berbaldiak eta aurkezpenak egingo ditue. Azoka-barrutia urigunean dagoanez, bisitari asko hurreratzea espero dabe antolatzaileek, giroaz eta eskainiko diran dobako jarduerez gozetako.

Party-a Euskaltel Konektak antolatu eta babesten dau, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzinoagaz.

Osorik irakurri