Bilboko Udaleko Eztabaidak Literatureagaz ekimenak Rosa Regas idazle kataluniarraren eta Maria Paz Ortuño, editorea eta Bartzelonako Unibersidade Autonomoko irakaslearen arteko barriketaldia iragarri dau urriaren 6rako, Bidebarrieta Kulturgunean. Saioan, Ana Maria Matute izango dabe ardatz eta berbagai. Moderatzaile lanak, barriz, Idoia Jauregi kazetariak egingo ditu.
Hirzordua, uriaren 6an dogu, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, 19:30ean hasita. Sarrerea librea izango da.
Ana María Matute (1925-2014) Bartzelonan jaiotako idazlea gazterik hasi zan idazten, izan be, 5 urtegaz ipuin bat idatzi eta ilustrazinoak be berak egin zituan; 10 urte bete barri, Shibyl aldizkarian idazten hasi zan eta lehenengo nobelea, barriz, Pequeño teatro, 17 urte zituanean idatzi eban eta Destino argitaletxeak kontratua egin eutson; edozelan be, zortzi urte geroago argitaratu eutsien nobelea.
1949an, Luciérnagas idatzi eta semifinalistea izan zan Nadal Sarian baina zentsureak argitaratzea galarazo eutson. Aurrerago, 1955ean, aitatu lanaren bersino bat idatzi eban, En esta tierra izenburukoa baina 1993an, jatorrizko bersinoa berreskuratu eta argitaratu eban.
1953an, La pequeña vida nobelea idatzi eban, aurrerago El tiempo izenburua hartuko ebana.
1960an ekin eutson trilogia ospetsuari: 1960an, Primera memoria etorri zan eta aurrerago Los soldados lloran de noche eta La trampa.
1965etik 1966ra irakurle joan zan Bloomingtoner (Indiana) eta 1968an, Normanera (Oklahoma). Gerraosteko nobelagile onena izentau eben eta ibilbide emonkorrean jazotako sarien artean, besteak beste, 1954ko Planeta Saria (Pequeño Teatro), 1958ko Kritika Saria eta Literaturako Sari Nazionala (Los hijos muertos), Letren Sari Nazionala (2007), Cervantes Saria (2010) eta Nobel Sarirako hautagaitzea (1976) dira azpimarragarrienak.
1996an, Hizkuntzearen Espainiako Errege Akademian sartu zan eta urte bi aurrerago sarrera-berbaldia irakurri eta K jesarlekua hartu eban, aurretik Carmen Conderena zana.
Gaur egin 23 hizkuntzatan irakurri daitekez Ana Maria Matuteren liburuak.
Eztabaidak literatureagaz
2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, 240 egile inguruk hartu dabe parte ekimenean, eta 8.000 persona baino gehiago bertaratu dira. Denpora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.